Handia egin zenuten Ipar Irlandako sokatira mundialean. Espero zenuten?
Karmelo: Nik pentsatzen nuen zerbait lortzen ahal zela. 2020an Letterkennyn jokatu genuen mundialetik ikusi nuen bazela salto bat ekipoan. Gazteek salto handia egin dute eta beteranook nolabait mantendu dugu, izan da progresio bat, ikusten zen ekipoa hobekiago zegoela. Egia errateko, irabaztea zail ikusten nuen, baina lehian egotea bai. Uste baino hobekiago atera zen. Duela hiru urte, nahiz eta podiumera igo, ikusten zen txapeldunak gehiago zirela, bertze salto bat zegoen, guk podiumera igotzeko lehiatu ginen, ez irabazteko. Aurten, irabazi edo galdu, hor ginela ikusten zen, urrezko domina lehiatzeko moduan.
Ander: Duela hiru urte talde mistoarekin domina lortu nuen, baina nik ere sumatu dut goiti egin dudala. Orduan hasiberria nintzen, ordezko modura joan nintzela erran daiteke, baina poliki-poliki hartzen eta hobetzen joan naiz eta taldean gehiago sartu naiz. Orduan ez nengoen orain nagoen mailan eta politagoa izan da. Podiumaren goitiko koxkan egotea sentsazio izugarria da, zein talde menpean hartu dituzun ikusi eta handia da. Hor bakarra egoten ahal da.
Eta lehen aldiz aita-semeak elkarrekin tiratuta munduko txapeldun…
Karmelo: 2004an Glasgown lortu genuen azkeneko urrezko domina. Aitzinetik bagenituen klub mailan hiru irabaziak, Glasgowkoa laugarrena izan zen, baina aurtengoa izugarria izan da. Orduan jaio gabe zen Ander eta orain semearekin batera urrezko domina lortzea, orduan ere ondoan nituen Joxe Angel anaiarekin, Beñardo lehengusuarekin irabaztea ederra da… sentsazio izugarria izan da; taldeko poztasun horretaz aparte, semearekin batera irabaztearen poztasuna duzu, taldea eta familia batera.
Ander: Aitzineko mundialeko bideoa hainbat aldiz ikusia nuen eta neure buruari galdetzen nion zer izanen ote zen hori… eta aurten hori bizitu dugu, ezin da hitzez esplikatu.
Domina eta txapel bilduma ederra izanen duzu etxean. Nonbait gordetzen dituzu eta kontatu duzu zenbat dituzun?
Karmelo: Aurtengo biekin munduko urrezko zazpi domina ditut. Lehenbizikoa 1995ean, Getxon (Bizkaia) Euskal Herriko selekzio ez ofizialarekin lortu nuen, gero Beti Gazterekin, klub mailan, 1999an irabazi nuen lehena, 2020an bi eta 2024an laugarrena. Aurten, bai Beti Gazterekin bosgarrena lortu dut eta Euskal Herriak, 2014an Basque Country izendapenarekin ofizialki lehiatzen hasi zenetik, lortzen duen lehena, txapelketa mistoan gainera. Mundialean urrezko zazpi, zilarrezkoak eta brontzezkoak, egia errateko, ez dakit zenbat… Nafarroan eta Euskal Herrian ere hainbertze. Gauzak altxatzeko eta nahiko desastre naiz eta orain, bukatzeko gutti falta zaidanean, pena hori badut, gehiago baloratzen hasi naiz.
Zer behar da Beti Gazte sokatira taldeak lortu duen hori guztia lortzeko?
Karmelo: Sokatiran irabazteko jende ona behar duzu, baina urte batzuz kalitate hori lantzen joan behar duzu. Hori da zailena, bloke hori lortzen urteak joaten dira, jende beretsuak tiratzea. Orain hori lortu dugula, nahiko genuke mantendu eta beteranoek uzten dugunean, osatutako talde bat uztea, Beti Gaztek segida izatea, hori izanen zen helbururik politena. Orain, zaharrenek utziko bagenu, gizonezkoetan bederen, ez litzateke talderik geldituko. Entrenamenduez aparte horretan ari gara saiatzen orain, gazteak batez ere ari dira hori lantzen. Gazteak erakartzeko gazteek egin behar dute zubi-lana, beraiengana errazago hurbiltzen dira guregana baino.
«Beti Gaztek segida izatea, hori izanen zen helbururik politena»
Eta zer egin behar da gazte horiek erakartzeko. Ez da erraza izanen…
Exigentzia-mailak baldintzatzen du gazteak erakartzea edo ez. Puntako talde gehienetan hori gertatzen da, badira beterano aunitz eta gazte bakan batzuk. Bertze talde batzuetan gazte gehiago dituzte, baina txapelak edo dominak lortzeko borrokan ez dute horrelako exigentziarik. Sokatiran aritzeko eta sokatira bizitzeko bi modu ezberdin dira, biak errespetagarriak… Guk ere, hamaika urtez taldea utzi eta berriz taldea sortu eta entrenatzen hasi ginenean, hori paratu genuen mahai gainean. Gazteak etorri ziren eta garbi azaldu genuen: “Zuek erabaki zer nahi duzuen, gu prest gaude zuekin pixka bat entrenatu eta lasai ibiltzera joan edo goi mailan ibili eta txapelak lortzen saiatzera…". Entrenamenduak arrunt ezberdinak dira. Guk badakigu zer egin behar den irabazten saiatzeko, zeren segurua ez da inoiz. Bertze aukera zen lasai entrenatu, giro politean elkartu kirol pixka bat egitera, talde aunitzetan egiten dena… eta guztiz errespetagarria dena. Baina bi gauzak batera ez da posible: lasai ibili, gutti entrenatu eta txapelak lortzea ezinezkoa da. Berriz ere, txapelen lehian ibiltzeko prestatzea erabaki zuten, lehengo entrenamendu modura joan ginen, hobetuz beti ere eta horretan segitu dugu, baita emakumeek ere. Orain gazteek beraiek bulkatzen digute entrenatzera, gazte gutti ditugu, baina motibatuak eta onak.
Bertze aita-seme txapeldunik ezagutzen duzue?
Euskal Herrian ez dut bertze aita-semerik ezagutzen lehian, guttiago munduko txapeldun, baina gogoan dut hasierako garaietan, Irlandako Saint Pats talde indartsuan, aita hiru semerekin aritzen zela. Gero, bueltatu ginenean, aita entrenatzaile ari zen eta semeak tiratzen. Nik uste munduko txapeldun izanak direla.
Zer etorkizun ikusten diozu Ander semeari sokatiran?
Anderrek dituen hemezortzi urterekin, ez dut senior mailan munduko txapeldun izan denik ezagutu. Etorkizun handia du, izugarria. Gu hasi ginenean ez genuen batere mailarik, baina Anderrek aunitz tiratzen du dagoeneko. Sokatiran, indarretik aparte, esperientziak garrantzi handia du, eta norbere gorputza erabiltzen eta norbere pisua aprobetxatzen jakitea. Indarraren zati handia zure pisua da, horregatik adinarekin jakiten da hobekiago hori erabiltzen. Ez da bakarrik tiratzea, %80a zure gorputzaren pisua erabiltzea eta ongi aprobetxatzea da, tiratzea, konpentsatzea,… eta horretan izugarrizko maila dauka Anderrek 18 urterekin.
Atsedenerako tarte handirik gabe, orain Nafarroako 4x4 txapelketan hasiak zarete eta hamar hilabeteren buruan berriz mundiala Suedian…
Karmelo: Suerte hori badugu. Aurtengo mundiala, berez, joan den urtekoa da, baina ezin izan zen jokatu eta bi urtero egiten denez, heldu den urte hasieran berriz dugu Suediako Helsinborgen, otsailaren 8tik 11ra. 2026koa Txinan izanen da, urruti ikusten dugu eta orduko ez dakigu nola egonen garen, segituko dugun, ekonomikoki posible izanen den, baina orain, hamar hilabetera berriz hor dugu mundiala Suedian eta horrenbertze urtez egitea kosta den blokea mantentzea errazago izanen da, lesiorik ez bada tarteko. Horrek ez du erran nahi dominak segurtatuak ditugunik, lan egin beharko dugu eta gogorra izanen da, punta-puntako talde aunitz badira hor, horretara joanen direnak, baina lehian egonen gara. Ez da bakarrik irabaztea, edozeinen kontra lehiatzen ahal duzula ikustea, horixe bera ere hagitz polita da, nahiz eta galdu. Hor gaudela ikustea, bertze taldeek zer nolako errespetuarekin begiratzen zaituzten. Eta hori, hainbertze urteren ondotik, berriz ere lortzea gosta denarekin, polita izanen zen berriz ere saiatzea, batez ere gazteengatik, gogoekin eta bulkaka ikusten dituzulako.
Ander: Aurtengo mundialean, lehen egunean, 600eko finala galdu genuen, baina bigarren postuarekin ere hagitz kontent ginen, ikusi genuen hor geundela, finala lehiatu genuela, ez gintuzten 2020an bezala errestan eraman. Eta hurrengo egunean, 560koan, indar berarekin, bagenekien hobekiago ibiliko ginela eta lortu genuen urrea. Ea heldu den urtean Suedian errepikatzerik badugun…
«2024ko otsailean berriz ere mundiala izanen dugu Suedian eta horrenbertze urtez egitea kosta den blokea mantentzea errazago izanen da»
2014tik honat, Basque Country bezala ofizialki lehiatzen du Euskal Herriko selekzioak eta Beti Gazteko tiralariekin osatutako talde mistoak eman dio lehen urrezko domina goma gainean. Horrekin ere harro daude, noski, biak talde horretan izan baitziren…
Ederra izan zen hori ere, bai horixe! Emakumeekin elkarrekin entrenatzen dugu, hagitz giro ona dugu, eta izugarria da hori lortzea, hagitz pozgarria. Emakumeak ere ari dira bidea urratzen, talde polita egin dute, ongi landua, klub mailan 2020ko mundialean zilarrezko eta brontzezko domina lortu zituzten, aurten zilarrezko bi domina ekarri dituzte… Ea Suedian lehenbiziko urrea lortzen duten!
2024ko munduko txapelketarako bide-orri horretan, Nafarroako 4x4koan hasiak zarete…
Egia erran ongi hasi gara, Lesakan egindako tiraldi guztiak irabazi genituen apirilaren 1ean, bai gizonezkoek baita emakumezkoek ere [apirilaren 22an, gaur arratsaldean izanen dute gizonezkoen 320 kiloko eta emakumeen 255 kiloko bigarren jardunaldia eta finala Txantrean]. Maiatzaren 20ra arte ariko gara launakako lehian. Gero, udako geldialdiaren ondotik, udazken-neguan izanen ditugu Nafarroako zortzinakako txapelketa eta Euskal Herriko txapelketa, launaka eta zortzinaka, eta gero mundiala, otsailaren 8tik 11ra. Suedian ez gara behin ere egon eta gogoekin gaude, egia erran!