Elikadura arlo guztietan zaintzen du; «lehen jende gehiena pisua galtzeko etortzen zen, baina hori aldatzen ari da eta gero eta jende gehiago etortzen da analitikak hobetzeko, kolesterol arazoak, diabetesa eta hipertentsioa lantzeko, haurren edo haurdunen elikadura zaintzeko…». Bioinpedantzia aparatuaren bitartez gorputzaren grasa, muskulua, ura… neurtzen ditu «eta emaitza horietan oinarritzen ditut bakoitzaren elikadura pauta eta menua».
Osasuntsu jateak ez du erran nahi janari gozoak alde batera utzi behar direnik; «janari osasuntsua betikoa da, prozesatu gabekoa. Gaur egun arazo haundiena sobera produktu ditugula da, eta zaila da jakitea zer den ona eta zer ez. Horregatik, etiketak ongi irakurtzen erakusten dut, erosterakoan aukeraketa ona egin dezaten, ahal dela produktu naturalak. Arraina, arraultzak, lekaleak… modu goxoan prestatzen erakusten dut, letxuga eta oilasko egositik haratago elikadura osasuntsuaren arloa haundia delako».
Honez gain, azken urteetan ikastetxe eta institutuetan hitzaldi eta tailerrak ematen ari da Andueza, «haur eta gazteek ikasteko». Izan ere, «batzuetan gurasoek ere ez dakite zer den hoberena seme-alabentzako eta tendentziak urte batetik bertzera aldatzen dira; lehen adituek zioten oliba olioa ez zela hain ona, eta orain berriz ekilore-olioa baino hobea dela diote, arrain urdina ez zen sobera komeni eta orain gehiago gomendatzen da… eguneratua egotea garrantzitsua da».