Berako Mendi Batzordeak ohiko bilera eginen du gaur arratsaldean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 23a, 16:30

Gaur 19:00etan herriko etxean bilduko dira eta hainbat gai landuko dituzte

Lehenik, abeltzaintza eta mendi proiektuaren egoeraz ariko dira. Abeltzaintza proiektua Nafarroako Gobernuko dirulaguntza deialdira aurkeztu du udalak, baina oraindik ebatzi gabe dago. 59.019,96 euroko inbertsioa aurreikusi dute, eta Arluxe-Postasen eta Labiagan aziendentzako ur hornidura hobetzea da helburua. Sarrallan pasabide kanadar bat moldatuko dute eta azienda biltzeko ixtegietan hobekuntzak eginen dituzte Labiagan, Iasolan eta Larhunen.

Mendi proiektuan 152.815,07 euroko inbertsioa egin du udalak, landaketa eta mendi pistak moldatzeko gehienbat. 119.292,87 euroko dirulaguntza lortu du Nafarroako Gobernutik, eta Rural Kutxak ere landaketak diruz lagundu ditu. Landaketa hauei pisten moldaketak gehitu behar zaizkio, hurrengo parajeetan eginen dituztenak: Usategieta, Uxane, Benta Zaharra, Ibardin-Intzola, Kanpamenduak-Usategieta, Zumalko, Mendigibel eta Iasolako pistak.

Honez gain, bertze hainbat gai izanen dituzte solasgai: Sarrallan eta Montoian, sutea izan zen tokietan, landaketa baten proposamena eginen dute, apirilaren 29an eginen den azienda feriaz ere ariko dira, baita basurdearen mugaz gaindiko kudeaketaz ere. Azkenik, bertaratutakoek proposatutako gaiak ere landuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun