Aritz Ganboaren 'Bideak' dokumentala emanen dute apirilaren 15ean Beran

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 23a, 11:00

Apirilaren 16an eginen dute Beran Mendi Maratoi Erdiaren XVII. edizioa, eta bezperan, Aritz Ganboaren 'Bideak' dokumentala ikusteko aukera izanen da. Ondotik, Ganboarekin solasaldia izanen dute. ,

19:00etan izanen da dokumentalaren emanaldia Berako Kultur Etxean. Sarrerak bortz euroko prezioa du, eta aitzinetik Pikabera harategian edo 647 29 61 04 zenbakira whatsapp mezu bat bidalita lortzen ahal dira. Egunean bertan ere erosteko aukera izanen da. 

Dokumentalean, gazta bat motxilan hartuta, Ganboak 170 kilometro eta 9.000 metroko desnibeleko zeharkaldia egiten du, landa-munduaren eta hiri-munduaren arteko zubiak eraikiz, eta Idiazabal gaztaren izendapena Erronkariko gazta izendapenarekin ere lotzen du. 

Agerra Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa Taldeak antolatu dute emanaldia, Berako Udalaren eta Ibardingo Merkatarien laguntzarekin. 

Dortsalak oraindik eskuragarri

Biharamunean, apirilaren 16an jokatuko dute Mendi Maratoi Erdiko XVII. edizioa. 525  dortsal paratu dituzte aurten eskuragarri, eta  antolatzen aritzen diren Manttaleko kideek adierazi digutenez, dagoeneko 500 lagunek eman dute izena, beraz, azken 25 dortsalak bakarrik gelditzen dira. 

Gazteentzako Gazte trail eta Txiki Trail lasterketak ere eginen dituzte aurten. Gazte Traila, 10,2 kilometro luzera eta 380 metroko desnibela duena, 2005ean eta 2006an jaiotako gazteentzat da. Txiki Trail, aldiz,  5,9 kilometroko luzera eta 242 metroko desnibela duena , haurrentzat da (2009an eta 2010ean jaiotakoak) eta kadeteak (2007an eta 2008an jaiotakoak). Gazteentzako dortsalek zazpi euro balio dute, eta haurrenak eta kadeteenak, bi euro.

Izen ematea esteka honetan egin behar da.

Larhun garbitzeko eta ibilbidea ezagutzeko aukera

Lasterketaren aitzinetik bertze bi hitzordu ere izanen dira. Larunbatean, hilaren 25ean Zizkuitz eta Larhun arteko eremua garbitzeko irteera eginen dute, eta heldu den igandean, apirilaren 2an lasterketaren ibilbidea ikusteko aukera izanen da. 09:00etan elkartuko dira Toki Ona kiroldegian, eta lasterka osatuko dute lasterketaren ibilbide osoa. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun