Maddi Ane Txoperenaren 'Ez erran inori' liburua da 111 Akademiaren Saria irabazteko hautagaietako bat

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 7a, 18:00

111 Akademia irakurle taldeak bere kideen 2022. urteko liburu gustukoena aukeratzeko lehen bozketa egin du, eta liburu horien artean da Maddi Ane Txoperena lesakarraren 'Ez erran inori'.

Txoperenaren liburuakin batera, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar Gloria, Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa eta Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuaren konpainia liburuak izan dira bertze lau aukeratuak, 

Lehen txandan, bortz lanetako batek ere ez du jaso boz guztien % 30 baino gehiago; ondorioz, Akademiaren arautegian zehaztutakoari jarraituz, bigarren bozketa txanda egingo dute bost lan horien artean.

Martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute akademiakideek horietako baten aldeko botoa. Bigarren buelta horretan libururen batek jasotako botoen %40 bereganatuko balu, 111 Akademiak huraxe izendatuko luke 2022ko saridun. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke.

Haurtzaroko sexu abusuak hartu ditu gai Txoperenak bere bigarren eleberrian. Iazko apirilean TTIPI-TTAPAk elkarrizketa egin zion eta bertan nabarmendu zuen nahiz eta gogorra izan, bazuela gaia ateratzeko gogoa, «garrantzitsua delako haurtzaroko sexu abusuei eta tabuak diren bertze gai batzuei buruz solastatzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun