Maddi Ane Txoperena Iribarren

«Haurtzaroko sexu abusuez solastatzea garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 24a, 09:00

Maddi Ane Txoperena martxoaren 16an Donostian, 'Ez erran inori' liburua aurkeztu zuen egunean. Elkar argitaletxea

Haurra zela sexu abusu bat pairatu zuen Lidek, etxean bertan, Donapaleun. Gertakaria memoriaren zoko batean erdi baztertua eduki du urtetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dela, trumilka datozkio irudiak gogora. Halaxe dio Maddi Ane Txoperena Iribarrenen (Hendaia-Lesaka, 1994) Ez erran inori liburuak.

Lide da protagonista eta honek haurtzaroan izan zituen sexu abusuak ditu hizpide. Txoperenak berak ere hurbiletik, zoritxarrez hurbilegitik, ezagutzen duen gaia da. Bideak gogorretik ere izan omen du, baina prozesua «aberasgarria» izan dela aitortu du. Ene baitan bizi da eleberriaren ondotik, hauxe du bere bigarren lana. Idazle gazteentzat antolatutako Igartza saria irabazita, Elkar argitaletxearekin argitaratu du.

Ez duzu gai erraza aukeratu...

Aunitzek erraten dute gai gogorra dela, ez dela erraza. Baina iruditzen zait adjektibo horiek ez dutela aitzakia izan behar gai hori ez aipatzeko. Haurtzaroko sexu abusuak izugarritzat ditugu, eta izugarri izate horrek itsutasuna sortzen du: «Sobera gogorra denez hobe ez aipatzea». Nahiz eta gogorra izan, banuen gaia ateratzeko gogoa, garrantzitsua delako haurtzaroko sexu abusuei eta tabuak diren bertze gai batzuei buruz solastatzea.

«Liburuan ageri dena ez da niri gertatutakoa, fikzioa da»

Maddi Ane TXOPERENA IRIBARREN, idazlea

Zoritxarrez, gaia hurbiletik ezagutzen duzula erran izan duzu. Horrek bultzatu zaitu liburua idaztera?

Bai. Nik ere ttikitan halako esperientzia bat izan nuen. Hala ere, aunitzetan jendeak nahasteko tentazioa izaten du eta garbi utzi nahi dut liburuan ageri dena ez dela niri gertatutakoa. Gaztetatik izan dut gai honekin halako obsesioa. Niri ere pasatu zitzaidanez, gaiari buruz gehiago jakiteko dezente leitu izan dut eta hainbat tailerretan ere parte hartu izan dut. Horrek sortu zidan honen inguruan solastatzeko gogoa eta beharra. Fikzioaren bidez kontatzea erabaki nuen, alde batetik, idazteak betitik lagundu izan didalako, terapia moduko bat delako niretzat, eta bertzetik, fikzioa idazteak gaia niregandik urrundu eta bertze zerbait sortzeko aukera eman didalako. 

Fikzioa izanda errazagoa izan da?

Nik bide hori aukeratu dut... Aldi berean, fikzioak eta orokorrean arteak, musikak edo bertze espresio batzuek, teoriarekin esplikatzen zailak diren kontu batzuk esplikatzen laguntzen dutela iruditzen zait. Sexu abusuei buruz modu teorikoan aritzen ahal zara, baina nire ustez, istorio bat kontatuta hobekiago esplikatzen dira emozio, sentipen eta gogoeta batzuk, bertze modu batera.

Idazketa prozesua gogorra izan da?

Alde materialetik begiratuta, joan den udaberrian, lanean bi hilabeteko eszedentzia hartu nuen, eta horri esker idatzi ahal izan dut. Niretzat hagitz garrantzitsua da idazteko denbora izatea eta denbora hori jarraitua izatea. Bi hilabete horietan erabat barneratu nintzen istorioan. Azkenean, idaztea lan bat da. Bertze aldetik, istorioan murgildu izana gogorra egin zait, nahiz eta fikziozko istorio bat kontatu, nik bizitako sentimendu eta emozio batzuekin konektatu baitut. Idazten dudanean pertsonaien barrenean sartzen naiz, eta pertsonaiak gauza gogorrak bizi izan baditu, nik ere modu gogorrean bizitzen ditut, leitzen ari zarenean, pertsonaiarekin enpatia izaten ahal duzun bezala. Baina prozesuaren emaitza hagitz aberasgarria izan da, sendatzailea, nahiz eta gogorra izan, hortik zerbait atera dudalako.

«Haurtzaroko sexu abusuen ezaugarrietako bat isiltasuna da»

Maddi Ane TXOPERENA IRIBARREN, idazlea

Sufrimendutik gauza ederrak atera daitezkeela erran izan duzu. Zer?

Ez dut esaldia gaizki ulertzea nahi. Bat egiten dut esaldiarekin, baina horrekin ez dut sufrimendua justifikatu nahi. Ez bagenu sufritu beharrik izanen, puskaz hobekiago. Baina zerbait jasan duzunean, horri aurre egiteko bide horretan, sorkuntza tresna bat izaten ahal da. Artista aunitzek sufrimendutik artea sortu dute. Literatura, kantak... gauza politak sortu dituzte.

Nabari da gaia landu duzula...

Kontziente nintzen gai garrantzitsua zela, aunitzi hurbilekoa egiten ahal zitzaiola, eta ez nuen edozein gauza idatzi nahi, errespetuz landu nahi nuen. Horregatik dokumentazio lana egin dut: liburu teorikoak edo saiakerak, fikziozko lanak, literatura, pelikulak, podcasta... Eskura nituen baliabideak erabili ditut. Eta tamalez, inguruan badut horrelako esperientziak bizi izan dituen jendea, eta haiekin egonda ere informazioa bildu dut.

Gaia gero eta gehiago aipatzen da hedabideetan, baina tabua izaten segitzen duela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Azken urteotan Elizaren baitan egin diren sexu abusuez gehiago solastatzen da, eta hori azaleratzea hagitz garrantzitsua da, kontuan hartuta, Eliza bezalako erakunde batek eraso horiek nola babestu dituen. Baina familian eta ingurune hurbilean gertatzen diren sexu abusuen kasuan oraindik tabu haundiagoa dela erranen nuke. Familian edo ingurune hurbilean gertatzen den sexu abusu bat kontatzen duzunean, ematen du familiaren kontra ari zarela, familia puskatzen duzula. Gure gizartean, eta eskualde honetan ere bai, familiaren instituzioa hagitz garrantzitsua da gizartea antolatzeko, eta horrek isiltasun hori haustea oztopatzen du. Hortaz aparte, komunikabide batzuek batetik, ikuspegi morboso batetik, eta bertzetik, ikuspegi kuantitatibo batetik lantzen dute gaia, hau da, datuak ematen dituzte baina ez gara hainbertze saiatzen zer gertatzen den ulertzen.

Elkar argitaletxeak jakinarazi duenez, Txoperenaren liburua argitaratu denetik asteko libururik salduena izan da.

Isiltasuna aipatu duzu. Zaila da isiltasuna haustea?

Bai. Haurtzaroko sexu abusuen gaiaren ezaugarrietako bat hori da, isiltasuna, eta orokorrean sexu eraso guziena. Hori sexu abusuak pairatu dituen pertsonak sentitzen duen lotsarekin eta errudun sentimenduarekin lotuta dago. Nahiz eta biktima zu izan eta zuri egin dizuten eraso, aunitzetan errua zurea dela eta lotsa sentitzen duzu, eta are lotsa handiagoa, gertatutakoa publikoki aitortzen baduzu. Baina nire ustez, isiltasun hori da sexu abusuak gertatzea ahalbidetzen eta zigorgabetasuna sortzen duena. Horrekin ez dut erran nahi sexu abusuak bizi izan dituzten guziek kontatzen hasi behar dutela; bakoitzak ikusi behar du noiz eta nola kontatu, edo kontatu edo ez. Baldintza batzuk ere behar dira inguruan hori kontatu ahal izateko. Baina orokorrean, gaiari buruz solastatzea garrantzitsua iruditzen zait, gizarteko arazo garrantzitsua delako. Estatistiken arabera, bortz umetatik batek jasaten ditu, eta emakumeen kasuan hirutik batek. Horrek erran nahi du jende pila dagoela hori bizitu duena, nahiz eta hainbat modutan bizitzen ahal den.

Liburuan Lideri ere kostatzen zaio kontatzea...

Lideri isiltasun horrek ematen dio minik handiena. Nola atera kanpora, errudun sentitzen delako eta lotsa duelako. Ez daki erotuta ote dagoen, egiatan pasatu zaion pasatu zitzaiona... Min handia sentitzen du eta bere estrategiak paratzen ditu martxan gertatu zaionari aurre egiteko. Estrategia horietako batzuek min ematen segitzen diote, bertze batzuek ez...

Piztiak hor segitzen baitu... Posible da hortik ateratzea?

Gai honi buruz aritzen garenean, aunitzetan gainditzeari buruz mintzatzen gara. Baina nik uste dut ez dela gainditzen. Ezin duzu bizitza hutsetik hasi, pasatu zaizuna hor egonen da eta horrek modu batera edo bertzera eraginen dizu, baina hori borratzea ezinezkoa da. Horrekin nola bizi ikasi behar duzu.

«Sufrimendutik gauza ederrak atera  daitezke»

Maddi Ane TXOPERENA IRIBARREN, idazlea

Gizartean gaia nola ikusten duzu?

Lehenbiziko gauza, gaiari buruz solastatzea da. Bertze alde batetik, ni ez naiz aditua, baina uste dut haurrei ematen diegun edo ematen ez diegun hitzaren inguruan hausnartu beharko genukeela. Aunitzetan haurren hitzari ez diogu helduenaren balio bera ematen, eta eman beharko genioke. Sexualitatearen inguruan ere gehiago mintzatu beharko genuke, gehiago eta modu onean. Sexu abusuei ez badiozu hitzik paratzen, zailagoa da salatzea eta horri buruz aritzea.

Esaldi eta erreferentzia aunitz ageri dira liburuan...

Idazten ari naizen edo idaztea burutan dudan bitartean, leitzen dudan guziak gai horretara eramaten nau. Eta bertze liburuak leitzerakoan esaldiak azpimarratzeko eta apuntatzeko ohitura handia dut. Liburuan ageri diren erreferentziak gai honekin lotutako gogoetetan lagundu didaten esaldiak dira. Interesgarriak iruditzen zaizkidalako sartu ditut, eta beharbada, bertze batzuek nik baino hobekiago azaldu dutelako...

Horietako bat Mari Luz Estebanena da: Zure inguruko faktoreak kontrolatzen ez dituzunean eta egoerak gainezka egiten dizunean, zure gorputza da modelatu dezakezun bakarra...

Mari Luz Esteban nire irakasle izan zen Antropologia ikasketetan, hagitz irakasle ona da eta pertsona umila. Berarekin egin genuen ikasgaian gorputzaren bidez ikertzeko teknika bat landu genuen eta berarekin egin nuen gradu bukaerako lana. Sexu eraso zehatz bat hartu eta eraso hori jasan zuten emakume batzuk elkarrizketatu nituen, euren gorputzean sentitzen zutenean arreta jarriz, nahiz eta ez dudan uste burua eta gorputza bereizten ahal direnik. Hagitz aberasgarria eta interesgarria izan zen, eta uste dut nire liburuan eragina izan duela. Lideren gorputzean gertatzen dena kontatzen dut, eta hor dago piztiarena. Erasoak sortu dion piztia bere barrenean dago. Mari Luz Estebanen aipu hori Lideri gertatzen zaiona da. Egoerak gainezka egiten dio eta bere gorputzaren bidez saiatzen da modu batera edo bertzera horri aurre egiten, sexuaren bidez, droga kontsumituz... Hainbat ihesbide ditu.

«Liburua idazterakoan jende aunitz izan dut ondoan»

Maddi Ane TXOPERENA IRIBARREN, idazlea

Mari Luz Esteban eskertu nahi izan duzun jendearen zerrendan ageri da, baina ez da bakarra. Zerrenda luzea da...

Liburu bat idaztea hagitz prozesu bakartia izaten da, eta beharrezkoa da bakarrik egotea. Baina nik inguruko jendearen babesa behar dut. Uste dut horrela behar duela eta horrela izaten segitzea nahi nuke. Hortaz aparte, nahiko pertsona soziala naiz eta alde sozial edo jende horren babesik gabe, ezin izanen nukeen bakarkako lan hori egin. Liburua idazten ari nintzen bitartean jende aunitz izan dut ondoan, eta garrantzitsua iruditzen zitzaidan eskerrak ematea.

Liburua bidaideei eskaini diezu...

Liburua idazteko prozesuan eta aitzinetik gai honi lotutako bidelagun aunitz izan ditut. Hasieran bidelagun idaztea pentsatu nuen, baina batzuk bidelagun eta bertzeak bide-etsai izan ditut. Etsai horiek ere epe luzera lagundu egiten dute. Modu batera edo bertzera bide honetan lagundu didaten guziei eskaini nahi izan diet.

Eta azalean neska gazte bat. Lide izan daiteke?

Azala Garazi Conde Orubek egin du, aitzineko liburuaren azala bezala. Hagitz eskertua nago, eta hagitz polita gelditu da. Alde batetik, Lideren kokapen fisikoa izaten ahal dena adierazten du, nobelan eszena aunitz bere etxeko terrazan gertatzen direlako, eta bertze alde batetik, azala nahiko iradokitzailea dela uste dut: Lide bizkarrez ageri da, bera bakarrik eta urrutira begira. Bakardade sentimendua erakusten du.

Hirugarren libururen bat izanen da?

Badut zerbait buruan, baina momentuz lasai hartu nahi dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun