Besta parekidetasunez eta errespetuz egiteko aldarrikapena Lesakako Plaza Zaharrera eraman zuten larunbat eguerdian, Xulufrinak Lesakako sare feministak deitutako elkarretaratzean. Lesakako udalak ere bat egin zuen deialdiarekin.
Xulufrinak emakume taldeko kideek irakurri zutenez, «azken egunetan hainbat herritarrek Lesakako inauterietan besta giroan gertaturiko eraso matxisten berri eman digute: ukituak, baboseoa, kolpeak eta baita sexu erasoak ere».
Horren aitzinera, nazkatua daudela eta «emakumeok besta libre egiteko eskubidea dugu, ez ez dugu zertan gure askatasuna mugatzen duten inolako erasorik jasan beharrik» adierazi zuten. «Alkohola eta besta giroa ez da aitzakia. Erasotzen duenak ez du ez alkoholagatik ez ezein bulkada biologikogatik egiten, oinarrian duen boterekeria matxistagatik baizik. Eta emakume bat alkoholaren eraginpean egotea ezin da erabili haren egoera zaurgarriaz baliatuta hari min emateko». Herritarrei ere dei egin diete halako erasoei erabateko arbuioa erakusteko, «konplize izatea erasoa babestea da».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!