Xulufrinak Lesakako Sare Feministak jakinarazi duenez, «hainbat herritarrek Lesakako inauterietan besta giroan gertaturiko eraso matxisten berri eman digute: ukituak, baboseoa, kolpeak eta baita sexu erasoak ere». Horren aitzinean bi adierazpen egin dituzte:
- «Nazkatuak gaude. Emakumeok besta libre egiteko eskubidea dugu, eta ez dugu zertan gure askatasuna mugatzen duten inolako motatako erasorik jasan beharrik».
- «Alkohola eta besta giroa ez dira aitzakia. Erasotzen duenak ez du ez alkoholagatik ez ezein bulkada biologikogatik egiten, oinarrian duen botere matxistagatik baizik. Eta emakume bat alkoholaren eraginpean egotea ezin da erabili haren egoera zaurgarriaz baliatuta hari min emateko».
Eraso hauek «onartezinak» direla adierazi dute, eta horregatik elkarretaratzea eginen dute larunbatean herriko plazan 12:00etan. Herritarrei deia luzatu diete «halako erasoei erabateko arbuioa erakusteko, konplize izatea erasoa babestea baita». Azkenik, besta «parekidetasunez eta errespetuz» egitea aldarrikatu dute.