«Erlezaina izateko ikasten» ari dela dio, «baina poliki-poliki geroz eta gehiago gustatzen ari zait». Erronka «luzea eta zabala» izaten ari dela aitortu du, «baina argi pixka bat ikusten hasi gara». Hori bai, hartzen duten laguntza eskertu nahi izan du: «Hau dena ezinezkoa izanen litzateke familia ondoan izanen ez bagenu: Mikelen osaba Kotek material dezente eta tokiak eman zizkigun, nire izeba Inmak eta gurasoek erlauntzak paratzeko tokiak utzi zizkiguten eta Mikelen gurasoen etengabeko laguntzarik gabe ez genuke deus egiterik izanen».
«Poztekoa da gazte batzuk animatu izana. Beharrezkoa iruditzen zait mundu aldrebes honi buelta pixka bat ematen hasteko»
Lehenbiziko sektorea «hagitz egoera zailean» ikusten du eskualdean: «Alde batetik, haundiak ttikia irentsi zuen, ezin baitzuen harekin lehiatu, eta bertzetik, industria sartu zenean, baserri aunitz alde batera gelditu ziren». Egoera horretan poztekoa iruditzen zaio «gazte batzuk animatu» izana; «beharrezkoa iruditzen zait mundu aldrebes honi buelta pixka bat ematen hasteko».
Lehenbiziko sektoretik bizitzea «zaila»
Ekoizle izanda sumatzen dituen zailtasun eta gabeziez ere aritu da. Deus baino lehen «lehenbiziko sektoretik bizitzea zaila» dela onartu du: «kapitalismoan erabat murgilduak gaudelako eta hau gure kontra doalako». Horrekin batera, bere ustez, «ez dago normalizatua nekazaritzako eta abeltzaintzako ikasketak egitea eta ez dago nahiko formazio. Kurtso batzuk badira eskura, baina ez dut uste nahikoa denik inondik inora ere». Administrazioari begira ere jarri da: «Gobernuak nekazari eta abeltzain xumeentzat laguntza gehiago bideratzea falta da, laguntza gehienak haundienei bideratuak daude».
«Garrantzi gehiago ematen diogu zer jantzi eta zer telefono erabili, elikatzeko bertako produktuak eta osasuntsuak erabiltzeari baino»
Herritarrak kontzientziatzeko «behar izugarria» ere sumatzen du: «Alde batetik, gizarte kapitalistak bulkatu gaituen egoera honetan kasik ezinezkoa da kontzientziak gidatzen gaituenari kasu egitea, bizimodua izugarri garestitu delako eta soldatek ez dutelako hori tapatzeko aukerarik ematen; eta bertzetik, orokorrean, gizartearen lehentasunak bertze nonbait daudela iruditzen zait». Are gehiago: «gizartea barrenetik zaintzen baino zentratuagoa ikusten dut kanpotik zaintzen. Garrantzi gehiago ematen diogu zer jantzi edo zer telefono erabili, elikatzeko bertako produktuak eta osasuntsuak erabiltzeari baino. Merkeagoa eta errazagoa da aurrez prestatutako hanburgesa bat erostea, bertako haragi pikatua erosi eta etxean prestatzea baino». Gaineratu duenez, «osasuntsua eta hurbilekoa kontsumitzeari lehentasuna emateko lan haundia dago egiteko».
Bide horretan, Beran lehenbiziko sektorea indartzeko «egin diren aurrerapausoak» txalotu ditu: «mendi batzordea sortu zen abeltzainei begira, eta eskertzekoa da. Agian nekazariei begira zerbait gehiago sustatu beharko litzateke». Hilabetero Lesakan eta Beran egiten dituzten azokak ere nabarmendu ditu, «herritarrengana hurbiltzeko aukera paregabeak dira». Baina «gure produktuentzako erakusleiho baten falta» sumatzen du: «ez bakarrik gure lehengaiak plazaratzeko, baita Bortzirietako kultura bultzatzeko ere, hagitz aberatsa baita; diskoak, erakusketak eta bertako jendearen sorkuntzak denei helarazteko. Ikastolak, adibidez, halakoak antolatzen ditu, eta eskertzekoa da Berako kulturaren alde egiten duen lana».
«Ipar Euskal Herrian bertako produktuen kontsumoa aunitzez ere normalizatuagoa da»
Eta horrekin batera «Iparraldearekin elkarlan gehiago» egiteko beharra ikusten du, «bizilagunak ditugu». Ipar Euskal Herrian «bertako produktuen kontsumoa aunitzez ere normalizatuagoa» dutela iruditzen zaio, «orokorrean guk baino gehiago baloratzen duten lehenbiziko sektorea. Badugu zer ikasi». Berak argi du «bertakoa eta ekologikoa zaintzen duten eragileak bultzatuko» lituzkeela: «EHKolektiboko kide naizen aldetik, elkarlana sustatuko nuke eragileen artean, denen artean Euskal Herriko lehenbiziko sektorea indartzeko».