Juankar Unanua

«Helburua elikadura sistemak ongi funtzionatzeko sarea indartzea da»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 11a, 09:00

Argazkia: Oskar Txoperena.

Juankar UNANUA NAVARRO, Igantziko alkatea

«Landu gabe» ikusten du Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako elikadura sistema Juankar Unanua Igantziko alkateak; «ekoizleak bakarrik, bakoitza bere lanean, eta kontsumitzaileak aunitzetan nora joan jakin gabe».

Hain zuzen, «hutsune eta behar» horri erantzuteko erabaki zuten lehenbiziko diagnostikoa egitea eta orain dinamizatzailea kontratatzea. «Egoera hobetzeko ilusioarekin» ari direla aipatu du, eta bakoitza bere aldetik ibili beharrean «dena antolatzearen garrantziaz» aritu da; «behar nagusia sarea indartzea eta garatzea da, elikadura sistemak ahalik eta hobekien funtziona dezan». 

Izan ere, «ekoizleak babesik gabe» eta «zailtasun haundiekin» daudela iruditzen zaio. «Lan aunitz egin behar dute beraien lekua egiteko, eta zaila da hortik bizitzea». Kontsumitzaileen artean, berriz, «bertze alorretan bezala, batzuk kontzientziatuak eta bertze batzuk halakorik planteatu gabe» sumatzen ditu. Baina hartu duten bidearekin «mugimendu honek gero eta indar gehiago» izanen duelakoan dago; «elikadura dinamizatzailea kontratatu izana abiapuntua baino ez da eta honi esker gaia gero eta jende gehiagorengana ailegatuko da».

«Emaitza ez dugu egun batetik bertzera ikusiko, baina poliki-poliki eraikitzen joanen gara»

Lehen sektoreak egiten duen ekarpena ere nabarmendu nahi izan du: «Bertako komertzioak eta ekoizleak indartzen baditugu, denontzat hobe izanen da, ez bakarrik sare hau sendotzeko, baita arlo guzietan gure herriak bizirik mantentzeko ere». Horretarako, ordea, herritarren inplikazioa eskatu du: «Instituzioek babesa eman behar dute, baina elikadura sistemak herritarron parte hartzea ere eskatzen du».

Bere hitzetan, «emaitza ez dugu egun batetik bertzera ikusiko, baina poliki-poliki eraikitzen joanen gara eta ea noraino ailegatzen garen. Ongi funtzionatzen badu, luzera begira elikadura teknikari bat izanen dugu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun