Egitarau zabalarekin datoz aurten ere Lesakako inauteriak. Ortzeguneko Arraultze-Arraultze eskearekin hasita, ortziralean haurrentzako ekitaldiak izanen dira plazan. Larunbat gauean ere giroa izanen da, igandean zaku-zahar handi nahiz ttikien harat-honatak eta astelehenean karrozak. Fraindarrak eta Goitarrak ere ibiliko dira auzoz auzo eta baserriz baserri.
- Otsailaren 16an, Ortzegun Gizen egunean, ohiko Arraultze-Arraultze eskea eginen dute haur eta gaztetxoek goizean.
- Otsailaren 17an, ortziralean 16:30etik 18:00etara haurrentzako ekitaldiak antolatu dituzte Plaza Zaharrean aurten ere: apainketa eta aurpegi margotzea. 18:00etan txokolate beroa izanen da meriendatzeko. Ondotik karaokea eta Zortziko erraldoia dantzatuko dute. Aurten mozorrotuak joatera animatu nahi dute.
- Otsailaren 19an, igandean, goizean Goitarrak harat-honatean ibiliko dira, goizean baserriz baserri Auzoberri, Endara, Zala, Katazpegi eta Nabazen barna eta arratsaldean herrian.17:00etan zaku-zahar ttikiak Lesaka Trikitixa Taldearekin ibiliko dira karrikaz karrika eta ilunabarrean zaku-zahar eta mairuak herriko musika bandarekin. Arratsaldean, 18:00etan hasita Plaza Zaharrean Trikidantz taldearekin musika izanen da.
- Otsailaren 20an, astelehen goizean Fraindarrak Otsango eta Frain auzoetan barna baserriz baserri ibiliko dira eskean. Astelehen eguerdian mozorroak eta orgak ikusgai izanen dira plaza inguruan. 18:00etan dantzaldia Plaza Zaharrean Bada Giro taldearekin.
- Otsailaren 21ean, asteartean Fraindarrak Izotzaldean barna barna baserriz baserri ibiliko dira eskean. Arratsaldean, berriz,herrian barna ibiliko dira, inauterietako azken itzulian.