Inauteriak 2023

«Neguko iluntasunari aio erran eta udaberriko argia heldu denaren seinale dira inauteriak»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 14a, 09:00
Mattane Rodriguez Etxabide mairu jantziarekin inauterietan.

Mattane RODRIGUEZ ETXABIDE, Lesakako zinegotzia eta inauterizalea

«Gogotsu eta ilusioz» bizitzen ditu inauteriak Mattane Rodriguez Etxabidek. Izan ere, Lesakako udaleko kultura zinegotzi izateaz gain, inauteri zalea dela ere erran daiteke. «Urteko bestarik politenak izaten dira inauteriak niretzako –dio–, negu gorriko iluntasunari aio erran eta udaberriko argia eta loratzea heldu diren seinalea direlako». 

Inauterietako egun bakoitzean mozorrotzen da, «egun bakoitzak bere berezitasuna du. Azken urtetan zaku-zaharren inguruan ibiltzen naiz, mairu mozorroaz jantzita, zakuak josten, urratzen, behar denean laguntzen. Gustura egiten dugu hori baina lan handia izaten da. Jendeak zaku-zaharrez atera nahi izaten du baina horretarako zakuak josteko jendea behar izaten da. Zakuekin ez naiz sekulan mozorrotu baina zeinek daki, akaso noizbait...», dio Mattanek.

Baina zaku-zaharren inguruan, Lesakako inauterietako bertze talde batekin ere ateratzeko ohitura izan du Mattanek: «Goitarrekin ere aterikatu naiz inauterietako igandean, eta beraiekin baserriz baserri egindako eske hori hagitz berezia izaten zen: Bertzeak bertze, baserri guzietan dantzatzen delako, trikitixa, kastañuela eta kaskabel soinuekin, eta besta eredu ezberdin bat izaten delako. Ostatuetan egiten dugun besta, urte guzian zehar egiten ahal den zerbait da, eta aldiz, bertzea ez. Etxe horietara ere inauteria "eramaten" da horrela, eta bertako harrera hagitz ona izaten da».

Zinegotzi denetik, azken agintaldi berezi honetan, «inauteriak hiru aldiz antolatzea tokatu zaigu. 2021ean izan ezik bertze urtetan antolatu eta ospatu ahal izan ditugu». Azken urtetan, ortziralean haurrentzako jarduerak sustatzen ari dira. «Udalean sartu ginen urtetik hasi ginen hau antolatzen, ortziralearekin. Ortzegun gizenean Arrautze-arrautze eskean ibiltzen dira herriko umeak eta ortziralean beraientzat bertze zerbait antolatzea pentsatu genuen. Harrera hagitz ona izan du eta horregatik aurten ere antolatuko dugu. Hau herriko gurasoen laguntzarekin egiten dugu». 

Azken urteetako bertze ekarpen bat kartel lehiaketarena izan da,« hiru urtez antolatu dugu eta lan original aunitz aurkeztu dira». Baina egitarauari dagokionez ez dute bertzelako aldaketarik egin. «Udalak ilunabarretako musika ekartzen du eta gainerakoa herriak egiten du; Zaku-zaharren antolaketa Arrano Elkarteak egiten du, herriko Trikitilariek eta Musika bandak girotzen dutelarik hori. Mairuak, Goitarrak, Fraindarrak, orga eta mozorroak lesakarren esku daude eta bizi-bizirik daudela ikusten dugu urtero». 

Jendea mozorrotzera eta ongi pasatzera gonbidatu nahi du Mattane Rodriguezk, «bai lesakarrak eta baita eskualdeko bertze guztiak ere!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun