Osasun zerbitzu duina eskatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte bihar Bortzirietako bortz herrietan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 25a, 10:00
'Osasun etxea zaindu' lelopean hainbat elkarretaratze egin zituzten 2020an eta 2021ean Lesakako Osasun Zentroaren atarian. Ordukoa da argazkia.

«Osasun zerbitzua ez dago osasuntsu Bortzirietan». Horixe izan da azken egunotan sare sozialetan zabaldutako mezua, eta horixe izanen da bihar Arantzan, Beran, Etxalarren, Igantzin eta Lesakan eginen dituzten elkarretaratzeetan salatuko dutena. Osasun zerbitzu duinaren alde, medikuarengana joateko eskubidearen alde karrikara ateratzeko deia egin diete bortz herrietako herritarrei.

Urte hasieratik Bortzirietako herrietako kontsultategiak medikurik gabe daude eta medikuek Lesakan artatzen dituzte herritarrak. Sei mediku beharko luketen tokian bi mediku ari dira. Horrez gain, Bortzirietan ez dute pediatrarik eta berez, bi pediatra behar lukete, horietako bat lanaldi osoan eta bertzea lanaldi erdian. Egoera salatzea eta osasun zerbitzu duina eskatzea izanen da biharko elkarretaratzeen helburua.

Elkarretaratze guztiak 18:30ean izanen dira:
  • Arantzan herriko plazan
  • Beran Mukixu zubian
  • Etxalarren herriko plazan
  • Igantzin kontsultategiaren atarian
  • Lesakan osasun zentroaren atarian

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun