XABIER ARRIOLA PEREZ

«Musikeneko hirugarren mailako ikasleok emanen dugu larunbateko kontzertua Lesakan»

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 11:00
Xabier Arriola lesakarrak tronpeta eta fliskornoa joko ditu larunbateko kontzertuan.

Xabier ARRIOLA PEREZ, Lesakako musikaria

The Hardbop Academy Next Gen taldeak kontzertua emanen du urtarrilaren 28an, larunbatean 19:00etan Harriondoa kultur etxean. Errepertorioaren barrenean Xabier Arriola lesakarraren jatorrizko konposizio bat dago eta tronpeta eta fliskornoa joko du Arriolak. Francesc Capella pianista eta konpositoreak zuzenduta, Musikene Euskadiko Goi Mailako Musika Zentroko hirugarren mailako talentu gazte talde honek, 50 eta 60ko hamarkadetako Hardbop klasikoetan oinarritutako errepertorioa eskainiko du. Kontzertua aitzakiatzat hartuta, Xabier Arriola musikaria gehiago ezagutzeko aukera izan dugu.

Noiztik musika munduan?

28 urte ditut eta musikan ttiki ttikitatik, 6 urterekin tronpetarekin hasi nintzen. Musikaz inguratua egon naiz beti, batez ere etxetik gurasoak abesbatzan eta bandan egoteagatik, baina orokorrean Lesakan kultura musikal handia dagoelako ere.

Hainbat taldetan eta estilotan aditu zaitugu: Txamukos mariatxia, Elutxa txaranga, Estu&Larri rock taldean… Zeinetan gusturago?

Orain Iruñeko Txaranga Jaiaken nago, baina momentuan sortzen ari diren proiektutan parte hartzen ari naiz, horien artean Mogumbo Brass Band (New Orleanseko brass banden estiloko musika) eta Kinkfolk funky taldean. Ez nuke jakinen bat aukeratzen, baina New Orleansen egon nintzenetik brass band estiloari bereziki aprezio handia diot, jazz estilo zaharrenari.

Eta musika-tresnarik gogokoena?

Nahiz eta Musikenen pianoa bigarren instrumentu bezala lantzen dugun, tronpeta da nire instrumentua. Horren parera fliskornoa ere erranen nuke tronpetaren antzeko instrumentua delako.

Orain, Lesakara bertze proiektu batekin: The Hardbok academy next gen… Nola definituko zenuke?

Ba azkenean Francesc Cappela pianista ezagunak zuzentzen duen Musikeneko ikasgai bateko konbo bat gara, hasiera batetik, bere gomendioz, irteera eman nahi izan dioguna. Hasiera batetik aunitz gustatu zitzaion konbo honen soinua eta potentziala eta zentrotik kanpora kontzertuak lortzera animatu zigun.

Hardbop estiloa jazzaren genero bat da?

Bai, laburbilduz jazzaren laugarren garaia dela erran daiteke (50-60 hamarkadetan kokatua batez ere). Estilo aldetik definitzeko gehienbat erran daiteke bebop garaitik armonia konplexuak hartuz blues jatorrira itzultzea da, bien arteko nahasketa bat dela erran dezakegu. Armonia konplexuagoak, blues melodia eta estiloarekin.

Denak Musikeneko ikasleak zaretela aipatu duzu, baina zer da Musikene?

Musikene Euskadiko Goi mailako Musika Zentroa da, Donostian dagoena. Estatu mailan fama eta prestigio handikoa da.

Behin horko ikasketak bukatuta zer gustatuko litzaizuke egitea?

Ba ez dut pentsatu oraindik, lehenagotik ingeniaritza ikasketak ditut eginak eta ez dut oraingoz erabaki nondik bideratuko naizen. Momentuz hagitz gustura nago musikarekin Tolosako Isidro Larrañaga Musika Eskolan irakasle lanean ari naiz.

Etorkizunerako zein asmo? Bertze proiekturik baduzu eskuartean?

Ba gehienbat aipaturiko Mogumbo Brass Band eta Kinkfolk taldeak aitzinera ateratzea izanen zen asmo nagusiena, nik uste jende gehienak musika estilo horiek gustuko dituela eta espero dezagun poliki poliki ezagunagoak egitea proiektu hauek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun