San Antonera ibilaldi arautua antolatu du Beti Gaztek urtarrilaren 22an

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 20a, 13:00
San Antonera ibilaldi arautua antolatu du aurten ere Beti Gaztek.

San Antoneko igandean urtero mendi ibilaldia antolatu izan du Lesakako Beti Gazte elkarteak. 2020an, elkartearen 80. urteurrenaren harira ibilaldi arautua antolatu zuen lehen aldiz Plaza Zaharretik San Antonera. 2021ean  urtean bertan behera utzi behar izan zuten, baina iaz berreskuratu eta aurten ere eginen dute.

Ibiltariak, urtarrilaren 22an, igandean 08:00etatik aitzinera abiatuko dira, binaka edo hirunaka, hiru minutuko tarteekin. Izen-ematea 07:30etik 08:00ak bitarte eginen da. Bazkideek 5 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek 10 euro.

Nahi duen jende guztiak har dezake parte, adin-mugarik gabe. Lau kontrol izanen dira (irteeran, bi ibilbidean eta helmugan) eta irteeran bideari buruzko informazioa emanen da. Talde erregularrena izanen da irabazlea eta lehenengo bi sailkatuek saria izanen dute. Kamiseta bana emanen zaio parte-hartzaile bakoitzari eta helmugan pintxoak izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun