San Antongo erromeriak normaltasuna berreskuratuko du igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 19a, 12:00

San Antongo baseliza inguruan eginen dute ospakizuna igandean Endara auzoan.

Goizean mezak izanen dira Endara auzoko baselizan eta arratsaldean musika Plaza Zaharrean

San Anton eguna ospatu zuten asteartean Lesakako Endara auzoan ere. Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, meza aditzera eta ingurua bisitatzera joan ziren zenbait lagun. Baina San Anton egunaren ondoko igandea izan ohi da ospakizun handieneko eguna. Azken bi urteetan izandako murrizketarik ez da izanen aurten (2021ean ez zen ospakizunik egin eta iaz, auzoko bi jatetxeek ateak ez irekitzea erabaki zuten) eta, Bortzirietatik, Malerreka aldetik nahiz Gipuzkoatik hurbilduko den jendetza espero dute baseliza inguruan.

Igandean 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan meza izanen dute San Anton baselizan. Beti Gazte elkarteak araututako ibilaldia antolatu du aurten ere. Endara auzotik herrigunera jautsita, igande arratsaldean, 17:30ean, Bide Batez taldearekin erromeria izanen da Plaza Zaharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun