Lesakako Osasun Zentroaren «egoera prekarioa» salatu dute Bortzirietako alkateek

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 23a, 14:00

Migel Mari Irigoien, Juankar Unanua, Ladis Satrustegi, Aitor Elexpuru eta Dabid Iturria, Bortzirietako alkateak osasun zentroaren egoera salatzeko egin duten agerraldian.

Hiru mediku bertzerik ez dira izanen urtarrilaren 1etik aitzinera, zortzi beharko luketen lekuan

Lesakako Osasun Zentroko egoeraren inguruan hausnarketa plazaratu dute gaur eguerdian Bortzirietako alkateek, osasun zentroko patioan egindako agerraldian. Azken hilabeteetan osasun zentroak pairatzen dituen trabak salatu dituzte Ladis Satrustegi Lesakako alkateak, Aitor Elexpuru Berako alkateak, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkateak, Juan Carlos Unanua Igantziko alkateak eta Dabid Iturria Arantzako alkateak.

«Aste honetan gertatu direnak, azken hilabeteetan bizitzen ari garenaren síntoma bat bertzerik ez dira» adierazi du Ladis Satrustegik. «Asteazkenean, lanean ari den pediatrak erretiroa hartu zuen eta ez da inolako ordezkapenik programatuta egon. Mezu ezberdinak ailegatu zaizkigu, baina oraindik ez dago ziur nola beteko den hutsune hori». Egun berean, Ruth Gonzalez Santo Tomas Lesakako osasun zentroko zuzendariak dimisioa aurkeztu zuen, «egoerarekin etsita, profesionalen lan kargarengatik, bertzeak bertze» eta abenduaren 31n gauzatuko da dimisio hori.

Jakina da zein den oinarrizko osasun laguntzaren egoera. Estatu osoa falta dira finantzaketa, egindako lanaren aitortza eta profesionalak, baina gaia gurera ekarriz, «datuak hagitz esanguratsuak» direla adierazi du Ladis Satrustegik: «Gure zonalderako pediatra kupo oso bat eta bertze erdi bat izan beharko genukeen tokian, gaur ez dugu horrelakorik. Lesakan ere bi mediku egoten dira, eta bi postu horiek bete gabe daude». Urtarrilaren 1ean, Bortzirietan sei mediku eta pediatra bat eta erdi aritu beharko liratekeen lekuan, «hiru mediku bertzerik ez ditugu izanen».

Bortzirietako alkateen erranetan, «profesionalak falta ditugu, bajak eta erretiroagatik lanpostu hutsak ez direlako betetzen, edota ordezkapenen falta kronikoa dugulako eta okerrena: ez dago egoera hobetzeko planik, ez dago epe labur, ertain eta luzerako ez ideiarik, ez helbururik».

Hori ikusirik, Bortzirietako alkateek Osasun departamentuari eskatu nahi diote «Bortzirietako zonalderako beharrezkoak diren osasun profesionalak bideratzea. Horretaz gain, lana egoki burutzeko beharrezkoak diren medioak jartzea ere eskatu dute, tartean, osasun zentroaren zabaltzea.

Osasun zentroaren zabaltzea

Izan ere, Lesakako alkateak aipatu duenez, «zentroaren zabaltze hori 2007an aurreikusia zegoen, duela hamabortz urte, eta uzten uzten joan dira. Pandemia garaian oraindik gehiago nabaritu da leku eskasia eta osasun zentroa zabaltzeak bertze zerbitzu batzuk eskaintzea ahalbideratuko luke».

Alkateek bertze bilera bat eskatu diote osasun departamentuko zuzendariari hurrengo asterako. Bertan, alkateez gain, osasun zentroko zuzendaritza taldea egonen da eta helburua arazoari aurre egiteko akordio batzuk lortzea izanen da.

Azkenik, osasun langileei eskerrik beroenak eman nahi dizkiete alkateek herritar guztien izenean, «azken urteetan zerbitzuak % 100 martxa jarraitzeko eta herritarrei modu egokienean artatzeko egin duten esfortzuarengatik».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun