Errekaondoan eraikineko etxebizitzen birgaitze energetikoa bideratuko du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 22a, 13:30

Ladis Satrustegi, David Lucas, Raquel Sanchez eta Jose Maria Aierdi hitzarmena sinatu ondotik, asteartean Madrilen.

Abenduaren 20an sinatu zuen hitzarmena Madrilen Lesakako alkateak Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agenda ministroarekin

Lesakako udalak lortutako Next Generation funtsen bidez, egoera okerrean dauden etxebizitzen birgaitze energetikoa abiatuko du. Europar Batasuneko dirulaguntza hauei esker Errekaondoan eraikineko 44 etxebizitzek laguntza zuzenak hartuko dituzte etxearen birgaitzerako. Ladis Satrustegi Lesakako alkateak, Raquel Sanchez Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agenda ministroarekin; David Lucas Parrón, Hiri-Agendaren eta Etxebizitzaren Idazkari Nagusiarekin eta Jose Maria Aierdi, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariarekin sinatu zuen akordioa Madrilen abenduaren 20an.

Lesakako etxebizitzaren egoera aztertzeko ikerketa bat egin zuen udalak 2021ean, etxebizitzaren egoera zertan den eta herritarren beharrak zeintzuk diren aztertzeko. Azterketa horren ondorioz, Lesakan 26 atari eta 243 etxebizitza osatzen dituzten zortzi eremu identifikatu ziren zaurgarri bezala eta energetikoki hagitz eraginkorrak ez zirenak.

44 etxebizitzetatik 22k eginen dute obra

Azaroaren 21ean birgaitze energetiko baterako behar gehien zituzten eraikin horietako bizilagunei deialdi bat egin zitzaien Nasuvinsarekin batera, horretarako zeuden dirulaguntzen berri emateko. Errekaondoan eremuko bizilagunek interes haundia adierazi zuten, birgaitze energetikorako obra egitea adostuz. 44 etxebizitza dira guztira eta horietatik 22k eginen dute birgaitzea.

Lesakako udalak gogorarazi duenez, birgaitze energetikoan interesa duten gainerakoentzat, PREE 5000 deialdiak irekita segitzen du 2023ko abenduaren 31 bitarte.

Auzo-programa laguntzaren barrenean, Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak 352.940 euroko dirulaguntza emanen du; Nafarroako Gobernuak 165.000 euroko dirulaguntza emanen du eta bizilagunek 402.241 euro paratu beharko dituzte.

Herritarrek Nasuvinsako tekniko bat ere izanen dute beraien tramite guztiak egiten laguntzeko, baita obra osoaren aholkularitza-lanak egiteko ere, dirulaguntza kobratu arte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun