LESAKAKO ABESBATZA

«Herri kantuari ikusgarritasun gehiago ematen saiatzen ari gara»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 17a, 09:00
Lesakako abesbatza, Harriondoa kultur etxean emandako kontzertu batean.

Lesakako abesbatzak 40. urteurrena ospatzeko kontzertua emanen du igandean

1982an kantatu zuen lehen aldiz Lesakako abesbatzak. Gaur egun, Marisol Perezek zuzentzen du 38 abeslariko taldea, Maider Goizuetaren laguntzarekin. Santa Zezilia egunean 40 urte bete ziren Lesakako abesbatzak lehen emanaldia eskaini zuenetik. Igandean elizan eskainiko duten emanaldiarekin ospatuko dute. 

Nola sortu zen Lesakako abesbatza?

Lesakan otxote bat zegoen martxan aspaldi eta bertze alde batetik, Maximo Hernandorena apezak, hiletetan abesten zuen emakume talde bat sortu zuen. Otxoteko kide batzuei bururatu zitzaien ideia ona izan zitekeela bi taldeak bateratzea eta ahots mistoen abesbatza sortzea. Ideia honek harrera ona izan zuen eta Lesakako abesbatza sortu zen. Zuzendaritza Guillermo Agarak hartu zuen, musika bandako zuzendaria izandakoa eta esperientzia handiko abeslaria. Berrogei izanen ginen gutti goiti beheiti, denak lesakarrak.

Gaur egun 38 koralista dituzue… Ze gorabehera izan dituzue 40 urte hauetan?

40 urtek aunitzerako ematen dute... taldeko jarduera guztietan bezala gorabeherak izaten dira, baina 82ko abesbatza haren zati handi batek kantatzen segitzen du, urteetan batuz joan den jendearekin batera. Denera 17 izanen gara hasieratik segitzen dugunak. Badira koralistak ere, hagitz gazteak zirenean ikasketengatik utzi behar izan zutenak baina gero berriro hasi zirenak. Eta beti badago hasi den taldekide berriren bat. 

Herrian hainbat emanalditan parte hartzen duzue… Zein da zuen gustukoena?

Lesakar bezala, San Fermin eguneko meza hagitz berezia da zalantzarik gabe, baina baita Santa Zezilia jaia ere, gainontzeko musika taldeekin batera egiten dugulako (Lesakako abesbatza honen sortzailea izan zen).

Herritik kanpo ere hainbat lekutan abestu duzue… Zein ateraldi izan da zuentzat esperientziarik politena?

Emanaldi aipagarriak izan dira, bertze batzuen artean, Iruñeko katedralean eta Gayarre antzokian egindakoak edo Donostiako Musika Hamabostaldiaren barrenean, Aita Donostiari egindako omenaldia. Toledora, Santanderrera, Salamancara edo Asturiasera egin ditugun bidaiak ere hagitz bereziak izan dira, baina, batez ere, ia musika-jarduerarik ez dagoen herri ttikietan egin ditugun hainbat eta hainbat kontzertu, gure bisita izugarri eskertzen eta gozatzen dutenak.

Zein dira abesbatzak dituen premiarik handienak?

Zalantzarik gabe, gazteak musika taldeetara hurbiltzea arazo bat da, ez Lesakan bakarrik, orokorrean gertatzen ari da. Haur aunitzek musika ikasten duten arren, hau ez da gero musika taldeetan islatzen, ez dago segidarik eta horregatik guztiok dugu hausnarketa lan handia egin beharra, Lesakako musika bizitza indartzeko. Azken urteotan, adibidez, herri kantuari ikusgarritasun handiagoa ematen saiatzen ari gara, eta karrikan jarduerak egiten ari gara, batzuetan Beti Gazteko kantu taldearekin elkarlanean. Guztion artean lortu behar dugu musika eta kultura, oro har, haurren eta gazteen eskola-hezkuntzan integratzea, bertze irakasgai batzuekin batera, bertzerik gabeko zaletasuna ez ezik, pertsonaren prestakuntzaren zati bat ere izan dadin.

«Gazteak musika taldeetara hurbiltzea arazo bat da, ez Lesakan bakarrik, orokorrean gertatzen ari da»

Etorkizunera begira, abenduaren 18ko kontzertuaz gain, bertze egitasmoa/kontzerturik baduzue begibistan?

Urtero egiten ditugun ekitaldiak hor daude, adibidez orain, Eguberriei begira, bertze musika taldeekin batera Eguberrietako kalejirak eginen ditugu abenduaren 23an; Eguberri, Urte berri eta Errege egunetan mezatan kantatzen dugu; abenduaren 28an zahar egoitzara bisita egiteko ohitura dugu, han bertakoekin batera pixka bat egon eta kantatzeko eta abenduaren 31n Dios te Salve ekitaldian parte hartzen dugu, baita kabalgatan ere.

Hurrengo urterako, berriz, Lesakatik kanpo kontzertu bat egitea aurreikusia dugu eta Aralarko Santutegira ere joanen gara, kantatzera; Lesakan bertan, betiko ekitaldiez aparte (Aste Santua, Besta Berri, San Fermin eguna, Santa Zezilia ...), urteko azken hiruhilabetean bertze kontzertu bat, organoa eta musika tresnekin batera. Uda aldera, euskal kanta herrikoiak jendeari hurbiltzeko kantuz ekitaldi bat eginen dugu.

Bertzerik?

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu modu batera edo bertzera 40 urte hauetan gurekin kolaboratu duten pertsona guztiei, abesten, laguntzen edo publiko gisara, eta guztiok gonbidatzen zaituztegu hilaren 18an eginen dugun mezara eta ondorengo kontzertura. Gure abesbatzan parte hartzeko interesa duen edozein pertsona animatzen dugu guregana hurbiltzera eta gurekin kantatzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun