Asteazkeneko Merkatu Egunean, trikitixa eta ajoarriero lehiaketa
Asteazkenean, Merkatu Eguna, Lesakako trikitilariek kalejira eginen dute 18:00etan eta, ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketa hasiko da Beheko Plazan. Bikoteka parte hartu beharko da eta bikote bakoitzak gas sukaldea, kazuela, zartagina eta behar dituen tresna eraman beharko ditu eta Beti Gazte elkarteak bi kilo bakailao, olioa, baratxuria eta gatza emateaz gain, 10 euro banatuko ditu bikoteko. Egunean berean, bikote bakoitzeko kide bat guttienez Beti Gazteko egoitzan egon beharko da 17:30erako. Lehenbiziko hiru bikoteek izanen dute saria.
Feria egunean egitarau zabala ortzegunean
Baina ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia. Goizean lehiaketara aurkeztutako aziendak bilduko dira Beheko Plazan. Eskulangileen lanak ere ikusgai eta erosgai izanen dira eta 11:00etan herri kirolek ere bere lekua izanen dute Plaza Zaharreko saio beti ikusgarrian. Julio Soto eta Oihana Iguaran ariko dira bertsotan kioskotik. Azienda lehiaketako sari banaketarekin bukatuko dira goizeko ospakizunak, baina bazkalondoan segida izanen du feria egunak. 17:00etan pilota partidak izanen dira udal pilotalekuan eta 18:00etan dantzaldia izanen da Jeiki-Hadi taldearekin. 19:00etan Beti Gazte Kantarik emanaldia eskainiko du 19:00etan Alondegian.
Azienda lehiaketako sariak
Azienda lehiaketan iazko sari berdintsuak izanen dira. Behiak hiru ataletan banatuko dituzte: esne behi (suitzarrak…) eta haragitako (piriniarra, blonda…) hiru buru onenek 190, 160 eta 100na euroko sariak izanen dituzte eta larre behi onenek 150, 100 eta 70 eurokoak. Zaldi-aziendei dagokienez, sariak izanen dira zaldi onenentzat (125, 95 eta 55 euro), baita larre behor, pottoka eta monturako zaldientzat (120, 90 eta 50 euroko sariak) eta poni onenentzat ere (100, 50 eta 30 euroko sariak). Azken urteetan bezala, aurten ere ez dira ahariak bakarka sarituko, gehienez bortz ardi eta ahari bat izanen duten artaldeak baizik. Artalde onenari 120 euroko saria emanen zaio, 90 eurokoa bigarrenari eta 70 eurokoa hirugarrenari. Lehiaketara aziendak aurkeztu behar dituztenek izena emateko azken eguna azaroaren 22a, asteartea izanen dute. Horretarako 690 23 00 31 telefonora deitu, kultura@lesaka.eus helbide elektronikora idatzi edo Harriondoa kultur etxeko bulegora agertu beharko dute, 09:30etik 15:00etara.