MATTIN ETXABIDE

«Zubiriak hauspotu zuen ferietako ilusioa bizirik mantentzen dute abeltzainek»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 22a, 10:00
Mattin Etxabidek Lesakako zinegotziak aipatu digunez, «azienden eremuaren aldaketak inbertsio koxkorra eskatu digu, hesiak erosi ditugu eta».

Mattin ETXABIDE, Lesakako zinegotzia

Azken bi urte berezien ondotik (2020an ez ziren ospatu eta iaz zenbait aldaketarekin egin ziren) Lesakako feriak normaltasunera bueltatuko dira. Mattin Etxabide, zinegotziaren erranetan, «aitzineko urtetako egitaraua berreskuratuko da aurten. Duela hiru urteko feriekin alderatuta bereziki nabarituko dugu Zubiriaren falta, ilusio handiz ibili zen ferien antolakuntzan. Zorionez, berak hauspotu zuen ilusio hori nolabait bizirik mantentzen da abeltzainen artean. Feria eremua prestatzeko auzolan polita izaten da bezperan. Bere hutsunea dugu baina saiatuko gara berak zuen ilusioa mantentzen».

Aurten ere aldaketak

Joan den urtean Bittiriko aparkalekuan bildu ziren aziendak, bertsoak terrazatik bota ziren… Aurten berriz ere plaza zaharrera bilduko da egitaraurik gehiena, baina aurten ere aldaketak izanen direla aipatu digu Etxabidek: «Lehengo urteko ferietan dena kontran suertatu zen; azken momentura arte ez genekin ospatzen ahalko genituen, obrak zirela eta plaza ezin genuen ibili, eguraldi penagarria egin zuen… Baina denari buleta eman eta egun polita izan zen. Zuk erran bezala, lehengo urtean lekuak eskatuta aziendak antolatzeko moduan aldaketa batzuk egin genituen, batzuk hesituta jarri baitziren. Aldaketa hau onerako izan zela uste dugu (mendiko aziendak hobe moldatzen dira, eta hobe ikusten ahal dira), beraz aurten plazara bueltatu arren aukera eman nahi dugu azienda batzuk hesietan paratu ahal izateko, horretarako plaza ondoko aparkalekua erabiliko dugu, eta behiak lotzeko plazako pareta erabiliko dugu beti bezala, ohitura eta berrikuntza ttiki hori uztartuz».

Diru kontuei erreparatuz, ferietan guztira 15.000 euro inguru gastatzen dira» erran digu zinegotziak: «Lehengo urtean gastu nagusiak hauek izan ziren: Abeltzainen dieta eta sarietan 6.500 euro inguru gastatu ziren, musika emanaldiak 5.000 euro, ajoarriero lehiaketa 1.600 euro… Karrika saltzaileen postuengatik metro koadroko 14 euro inguru kobratzen dira, baina honekin ez dira gastuak estaltzen inondik inora».

Gastu hauetaz gain lehen aipatutako azienden eremuaren aldaketak ere «inbertsio koxkorra eskatzen ari digu, hesiak erosi behar baititugu, lehengo urtean 25 erosi genituen eta aurten gehiago erosi beharko ditugu», dio.

 

Bilerak abeltzainekin

Joan den hilabetean udalak bilera egin du ferietan parte hartzen duten abeltzainekin eta ferietarako gogotsu daudela sumatu du Etxabidek, «baina, bertzeak bertze, aipatu ziguten, Bortzirietako feriak izaki, bertze herriekin elkarlana bultzatu beharko genukeela feria indartzeko. Feria asteburura pasatzeko eskaria ere egin zuten batzuk, gaur egun gehienek bertze ogibide bat dute eta enredu dexente da ortzegunez azienda ekartzea».

Aitzinetik azpiegituren inguruan ere arituak dira Lesakako baserritarrekin, horretan ere lanean ari baita udala. «Udalean sartu ginenean –dio Mattin Etxabidek–Lesakako bazkalekuetan aziendek ura izatea bermatu nahi genuen, eta horretarako ahal zela suteetarako ere erabilgarri izanen ziren ur deposituak jartzea, eta helburu horrekin inbertsio potenteak egin ditugu, eta balorazio hagitz ona egiten dugu. Paratutako askak ederki probexten bait dituzte mendiko aziendek.  Korrale berri bat ere egin genuen Elutsan, eta bertze bi egiteko asmoa dugu bat Xokobin eta bertzea Agina inguruan, Banartan “Kanadiar pausu” bat jartzeko asmoa ere badugu. Larre batzuk ere desbrozatu ditugu (Artikutzako muga ingurua, Urtixelai, Eskolamendin, Beltzau, Agiña…). Bideak moldatzen ere diru dexente joaten da, bereziki azken urtean izan ditugun euriteekin. Batzuen ustez ez da nahikoa, baina dauzkagun baliabideekin nik uste poliki poliki ari garela gauzak egiten».

 

Etorkizunarekin itxaropentsu

Lesakako baserrien egoera ez dago bere onenean eta gutti dira baserritik bizi direnak, baina halere itxaropentsu ageri da Etxabide: «Lehen baserritik bizi zirenak  gehienak jubilatzen joan dira, hala ere abeltzain dezente ditugu herrian eta belaunaldi aldaketa eman da, gehienak bertze ogibide bat dute baina badira abeltzaintzatik bizitzeko apostua egin dutenak, nik dakidala Otsunea, Agorleku eta Lantxaran baserrietan abeltzaintzatik bizitzeko apostua egin dute. Gazta eta haragia merkaturatzen dituzte. Espero dugu hiru proiektuak aitzinera ateratzea eta bertzeren bat gehiago animatzen bada ere ongietorria izanen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun