Lesakako Osasun Zentroaren egoera «hagitz larria» dela eta, sinadura bilketa hasi dute Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 13a, 13:00

Nafarroako Osasun Plataformak deituta, 'Osasun etxea zaindu' lelopean hainbat elkarretaratze egin zituzten 2020an eta 2021ean osasun zentroetan. Ordukoa da Lesakan ateratako argazkia.

Arantzan eta Igantzin medikurik gabe gelditu dira, orain artekoak erretiroa hartu duelako. Eta Berako pediatraren lanpostuak hutsik segitzen du. Bortz herrietako osasun etxeetako langileek «hagitz nekatuak» daudela adierazi dute, eta konponbidea eskatu dute.

Lesakako Osasun Zentroaren egoera «hagitz larria» dela erranez oharra atera dute osasun zentrokoek. Alde batetik, «Arantzako eta Igantziko biztanleria mediku arretarik gabe» dagoela salatu dute, baina hortik haratago doa arazoa, «horren ondorioak Bortzirietako biztanle guziek jasaten» dituztelako: «Inguruko medikuek Arantzako eta Igantziko biztanleria medikurik gabe ez uzteko, beraien gain hartzen dute lana: kontsultak murriztu, beraien pazienteei ehuneko ehuneanp arreta eman gabe, lan zama haunditu, Igantzira eta Arantzara mugitu...».

Bertzetik, pediatrarekin dute bertze arazoa: «Bortzirietako haur guztiak Lesakako pediatra bakarrarentzat gelditu» dira.

Lesakako Osasun Zentroak adierazi duenez, «oraingoz Iruñetik ez dute inor bidaltzen eta lantaldean hagitz nekatuak gaude». Gehiago ere erran dute: «ezin izanen dugu horrela luze segitu. Konponbide bat beharrezkoa da».

Horregatik abiatu dute sinadura bilketa. Arantzako, Berako, Etxalarko, Igantziko kontsultategietan eta botiketan utzi dituzten orrietan sinatzen ahal da, baita bertze toki batzuetan ere; bertzeak bertze, Lesakako eta Igantziko estankoetan, eta Lesakako okindegian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun