Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022

«Belaunaldi aldaketa ematen ari da bertsolarietan, gai jartzaileetan eta epaileetan»

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 24a, 16:00

Bortzgarren Bertsolari Txapelketa Nagusia du Alaitz Rekondo gai jartzaile lesakarrak. Abenduaren 18an jokatuko den finaleko gai jartzaileetako bat izanen da. 

«Txapelketan parte hartzea opari bat, aukera polit bat, erronka bat da, baina, aldi berean dena ez da laua eta erraza. Ardura handia da, eskaera maila bat eskatzen duena eta konpromiso bat ere bai. Hagitz betegarria da, baina baita neketsua ere bai batzuetan». Halaxe deskribatu du Alaitz Rekondok zer den beretzako Txapelketa Nagusian parte hartzea. 

2005ean sartu zen gai jartzaile taldean Rekondo Nafarroako ordezkari gisa, eta bortzgarren txapelketa du aurtengoa. Gai jartzaileen lana banakakoa zein taldekakoa dela azaldu du: «Banaka norberak bere sorkuntza lana bakarka egiten duelako, eta taldekakoa sorkuntza hori mahai gaineratzen den unean taldearen gai bihurtzen delako.  Taldean hausnartzen da, taldeak erabaki, eta taldean osatzen dira saioak».

Gaiak sortzeko orduan «radar eta antena guztiak martxan» paratzen dituela azaldu du: «Zentzumen guztiak setnsible izaten ditugu edozein ideia, gertakari edo kontatzen dizuten edozein gauza  hartu eta gairen bat ateratzeko. Gure inguruko gauzak hartu eta gai bihurtzen ditugu». 

Aurtengoa bertsolariez gain, entzuleek ere «gogotsu» hartuko duten txapelketa izanen dela uste du. Gainera aldaketen txapelketa ere bada bere hitzetan: «Entzutetsuena finaleko tokia izanen da baina, belaunaldi aldaketa ere ematen ari da bertsolarietan, gai jartzaileetan eta epaileetan eta aurpegi berriak ikusiko ditugu, eta hori beti da interesgarria. Uste dut txapelketa polit eta fresko bat izanen dugula». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun