Mendiko bizikletarekin ibiltzeko ibilbideez gain bertze hainbat zerbitzu eskaintzen dituen ‘Bizibide’ proiektua aurkeztu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 27a

Aurkezpenaren ondotik, mendi bizikleta eta enduro ibilbideak egin zituzten 50 bat txirrindularik, Lesakako mendietan barna.

Ladis Satrustegi Lesakako alkateak eta Asier Oses turismo teknikariak ezagutzera eman zuten larunbat goizean ‘Bizibide’ proiektua Harriondoa kultur etxean egindako prentsaurrekoan. Mendiko bizikletarekin ibiltzeko ibilbideez gain, bertze hainbat zerbitzu eskaintzen ditu proiektu berezi honek. Ondotik, 50 bat lagun elkartu dira Bizibideko ibilbideak estreinatzera. Bi taldetan banatuta, bi ibilbide ezberdin egin zituzten: mendi bizikleta ibilbide herrikoi bat (30 km inguru eta 1.000 metroko desnibel metatua) eta erremonteen bidez lagundutako enduro ibilbidea (Basque MTB enpresaren gidaritzapean, 1.200 metroko desnibel negatiboarekin eta 700 m-ko desnibel positiboarekin).

Hauek bukatuta, denak batera egin berri den Bidasoko Bide Berdearen loturaren bidez, herrigunera itzuli ziren. Plaza Zaharreko hamaiketakoaren ondotik, kiroldegian dutxatzeko, aldatzeko eta bizikleta garbitzeko aukera izan zuten, hain zuzen Bizibidek eskaintzen dituen bertze zerbitzuetako batzuk.

Asier Oses eta Ladis Satrustegi, Lesakako turismo teknikaria eta Lesakako alkatea, aurkezpenean.

Momentuz bortz ibilbide

Lesakako mendietan barna, XC ibilbideak (BTT) eta enduro ibilbideak sortu ditu Lesakako udalak. Momentuz bortz ibilbideen artean aukeratzen ahal da: Burdin Bidea, Ikatz Bidea, Burnaizegi, Enduro eta Akerbidea. 26 eta 38 kilometro arteko luzera dituzten ibilbideak dira eta zailtasunari begira, gorria eta beltza bezala kalifikatu dira. Bide guztietan zehar, Bizibideko logoa daukaten seinaleak paratu dituzte eta track-ak nahiz datu guztiak deskargatzeko aukera dago webgunean. Proiektua Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bati esker atera da aitzinera.

Harrera-zentrua kiroldegian dago, Harriondoa Kultur Etxearen eta turismo bulegoaren ondoan. Bertan, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: hala nola, dutxak eta aldagelak, autokonponketa gunea, garbiketa puntua, bizikleta gordailua, spa eta igerilekuak eta autoa aparkatzeko gunea. Bizikleta garbitzeko eta konpontzeko guneak guztiz doan izanen dira, baina bizikleta gordailuarengatik (5 euro), spa-rengatik (3 euro) eta dutxarengatik ( 5 euro) ordaindu beharko da. Hala ere, azken hiru hauek dohainik edukitzeko aukera ere bada, Lesakako udalak sortu duen sistema bati esker, bono batzuetan eta zigilu batean oinarritzen dena.

Bonuak herriko komertzio eta bertze establezimenduetan erabiltzeko

Bisitariak horietako zerbitzu batengatik ordaintzerakoan, ordaindutako kopuruaren balioa daukan bonu bat hartuko du. Bonu hori Bizibide zigilua daukaten Lesakako establezimenduetan erabili ahalko du eta bertan, bonuaren araberako deskontua eginen diote. Beraz, dutxa, spa eta igerilekua eta bizikleta gordetzeko zerbitzua dohainik atera daitezke, baldin eta Bizibide-establezimendu batean gastua egiten bada. Establezimendu hauen zerrenda www.bizibide.eus webgunean eskuragarri dago eta baita bonuetan etortzen den QR kodea

eskaneatuz. Gainera, hauek ere Bizibideko logoa daukan zigilu bat edukiko dute dendan itsatsita. Bizibide-sarean dauden establezimendu hauek, txirrindularientzako zerbitzu gehigarri bat eskaintzen dute guttienez (adibidez, erreminta kit-a, bizikleta garbitzeko lekua, bizikleta gordetzeko lekua, botikina, elikagai eskaintza egokitua, etab.). Beraien eskaintza ere webgunean ikus daiteke.

Aste honetan Lesakan ospatzen ari diren Bizikletaren Astearen barnean egonda, Bidasoko Bide Berdearen loturaren inaugurazioa eta Bizibideren aurkezpena izan dira ardatz nagusiak. Hala ere, Bizibide proiektua ez da inolaz ere zerbait puntuala izanen, proiektuak potentzial handia daukala adierazi du Ladis Satrusteui alkateak eta guztiz irekia dagoela. Izan ere, Lesakako udala, bizikletarekin lotuta dagoen mugikortasuna eta kirola sustatuz, lanean ari da dagoeneko Bizibide proiektuari jarraipen bat emateko eta hurrengo hilabeteetan berrikuntzak sartzeko.

Proiektuari buruzko informazio gehiago www.bizibide.eus webgunean eskuragarri dago. Honez gain, Lesakako udalak eskerrak eman nahi dizkie auzolanean aritu diren pertsonei, komertzioei, ostalariei, alojamenduei eta Basque MTB-ri ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun