Lesaka Bidasoko Bide Berdearekin lotzen duen bidea estreinatu dute gaur

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 21a, 14:00

Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea izan dira 464.952 euroko inbertsioa izan duten lanak ikusten

 

Kilometro bateko bideak Lesaka Europako Eurovelo sarearekin lotuko du. Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, eta Lesakako Udalak 464.952,74 euroko inbertsioa egin dute lanetan; 340.000 euro Nafarroako Gobernuak inbertitu ditu. Topaketan izan dira Bernardo Ciriza kontseilaria, Berta Miranda, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea, baita Cedernako ordezkariak, lana egin duten enpresetako ordezkariak eta Lesakako udaleko eta Uraren Bailarak erakundeko turismo teknikariak ere.

Bukatu berri den ibilbide berriak 1,07 kilometroko luzera eta 2,5 metroko zabalera du, eta bi bizikleta aldi berean igarotzeko aukera ematen du. Bide osoa NA-4000 errepidearen eskuinaldetik joanen da, Lesakatik Bereaura begiratuta. Lesakako hirigunera sartzeko Tomaseneko bordako biribilgunean hasten da eta hain zuzen, Tomaseneko bordatik herrigunera bigarren zati bat egiteko aurreproiektua aurkeztu dutela ere jakinarazi du Ladis Satrustegi alkateak, hori bai, nahitaezkoa izanen da horretarako dirulaguntza lortzea. «Tomaseneko bordatik herrigunera doan errepide ondoan eginen litzateke eta Beheko Errota inguru horretan, errepide azpitik tunela eginen litzateke, Alkaiagan N-121-A gurutzatzeko egin zenaren irudikoa, eta hortik Landazelaiko bidearekin lotu».

Eurovelo Europako sarea, 70.000 kilometroko bizikleta ibilbideak

Eurovelo Bizikleta Bideen Europako Sarea Europa osoa lotuko duten bizikleta-ibilbideen sarea egiteko proiektua da. Guztira, 70.000 kilometroko 15 bizikleta-bide dira, eta Europar Batasuneko herrialde guztietatik igarotzen dira.

Lesakan egin den jarduketaren helburua da Nafarroako herria Kosta Atlantikoaren Ibilbidea erraten zaion Eurovelo 1 ibilbidearekin lotzea. Ipar lurmuturrean hasi eta Caminhan (Portugal) bukatzen da,11.000 kilometroko luzera du eta sei herrialde zeharkatzen ditu: Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Portugal eta estatu espainiarra. Eurovelo 1 Gipuzkoatik sartzen da, Bidasoko bide berdetik.

Ciriza kontseilariak aipatu duenez, Nafarroako Gobernuarentzako mugikortasun seguru eta iraunkorreko estrategiak funtsezkoak dira jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako. Beraz, Lesakan egin denaren moduko jarduerak garatzea garrantzitsua da herritarrek joan-etorriak segurtasunez eta jasangarritasuna errespetatuz egin ditzaten errazteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun