Bizikletaren Astea ekitaldiz gainezka dator Lesakara

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 18:00
Bide Berdearen lotura aste honetan estreinatuko dute. Astearte goizean inagururazio ofiziala eginen dute, asteazken goizean jubilatuak oinez eta ortzirale arratsaldean, bizikletaz, plazatik abiatuta.

Bidasoko Bide Berdearen loturaren irekiera eta Bizibide BTT eremuaren aurkezpena dira aste honen ardatz nagusiak

Ekainaren 21etik 26ra Lesakan ospatuko den Bizikletaren Asteak egitarau zabala izanen du. Bihartik hasita eta igandera arte, publiko guztientzako bizikletarekin zerikusia daukaten ekitaldiak antolatu ditu.

Ekainaren 21ean, asteartean 11:00etan Tomaseneko bordako biribilgunetik Bidasoko Bide Berderako loturaren inaugurazio ofiziala egitekoa dute eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Garraioetako zuzendari nagusia eta herri lanetako zuzendari nagusia etortzekoak dira. Egun berean, 19:00etan, Igone Mariezkurrenak  Westfjords: Islandia ezezaguna bizikletaz hitzaldia emanen du.

Hurrengo egunean, ekainaren 22an, asteazken goizeko hamarretan jubilatuen txanda izanen da, orain bukatzen ari diren bide berdearen lotura oinez estreinatuz. Arratsaldez, 17:00etatik hasita 20:00 arte bizikletak konpontzeko bi tailer antolatu dituzte frontoian, lehenengoa gaztetxoei zuzendua (2006 eta 2012 artean jaiotakoak) eta bigarrena helduei zuzendua (16 urtetik gorakoak). 

Ekainaren 24an, ortziralean 17:00etan bide berdearen irekiera herrikoia eginen da bizikletaz, Plaza Zaharretik abiatuta. Ibilbidea bukatzean, Zirkun Zirko: Bidaibizitzen ikuskizuna izanen da plazan, haurrei zuzenduta.

Ekainaren 25ean, larunbat goizean, Lesakako Udalak sortu duen Bizibide BTT eremuaren aurkezpen ofiziala izanen da. 08:30eko prentsaurrekoaren ondoren, 09:00etan bi ibilbide gidatu antolatuko dituzte Harriondoa kultur etxetik, Basque MTB enpresaren laguntzarekin. Hauetan izena ematea ere derrigorrezkoa da, ekainaren 23a baino lehen. Azkenik, asteari bukaera emateko, Andra Mari Zaharren Egoitzaren txanda izango da. Bertakoei, Nagusikleta izena duten triziklo batzuetan paseotxo bat emanen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun