Artxiboko irudiak

San Juan Xar Eguna, herriko besta ttikia, eguraldi ederrarekin ospatu zuten 1999an

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 25a, 09:30

1999an ere jendetza bildu zen San Juan Xarrera, bai inguruko herrietatik bai Gipuzkoa aldetik ere. Eguerdiko mezarekin eman zioten hasiera egunari. Ondotik dantzarien saioa, eta bazkaltzeko ordua ailegatu arte, freskagarri bat hartu eta San Juan erroskillak erosteko aukera ere bazen Igantziko gazteek horretarako jarritako kantinan. Eta ezin aipatu gabe utzi ur bedeinkatua hartu zutenak ere saila izan zirela, batzuk freskagarri moduan, bertzeak larruko gaitzen bat edo sendatzeko fedearekin.

«Garai batean… hura besta hura!» zioten adinekoek

San Juan Xarrera hurbildu zen batek holako kontu zaharrak aipatzen zituen aspaldiko lagunartean:

«Garai batean, bertzelako ilusioa izaten genuen egun hau ailegatzeko, batez ere Irisarri auzokoak ginenak. Irisarriko auzokoentzat herriko bestetako edozein egun bezain haundia izaten baitzen San Juan eguna. Autobusetan etortzen zen jendea ordun ere, eta bertako gazteak egun horretan espartin xuri-xuriekin joaten ginen San Juan eguneko meza nagusira. Meza ondotik zubian ezpata dantzarien saioa izaten zen eta gero, kantinatan, akordeoi soinuarekin besta giro ederrean egoten ginen. Lau edo bortz kantina jartzen zituzten baina ez edozeinek, subastan ateratzen baitziren. Kantina bakoitzean kordionista bat aritzen zen musika jotzen eta hauetan edariaz aparte, bokadilloak ere ematen zituzten, xardinenak, pintxoak, txorizoa… Bazkaltzeko tenorea ailegatzen zenean, bertakoak etxera joaten ginen, egun honetarako kanpoko parienteak edo kanpoan bizi ziren etxekoak etxera etortzen baitziren bazkaltzera eta eguna pasatzera. Baziren, hala ere, bazkaria bertara eraman eta bertan bazkaltzen zuten kanpotarrak ere. Arratsaldean berriz hurbiltzen ginen San Juanera, eta kordion soinuan ibiltzen ginen dantzan  ilundu arte… hura besta hura!».

Ttipi-Ttapa 257 zenbakian Jaione Seinek argitaratutako kronikatik hartutako testua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun