Lesakan irekiko duten BTT eremu berria da Bizibide eta ekainaren 25ean aurkeztuko dute publikoki. Lesakako Udalak dagoeneko argitaratu du egun horretako egitaraua, goizean goiz Harriondoa Kultur Etxean prentsaurreko batekin hasiko dena. Bertan azalduko dituzte proiektuaren nondik norakoak. Horren ondotik, goizeko bederatziak aldera, Bizibide-ibilbideak estreinatzeko bi ibilbide gidatu antolatu dituzte. Bertan parte hartzeko, derrigorrezkoa da izena ematea, online karteletan eta webgunean (www.bizibide.eus) agertzen den QR kodearen bidez edo fisikoki kiroldegian inprimakia betez.
Parte hartzaileak bi ibilbideen artean bat aukeratu beharko du: lehenengoa, mendi-bizikleta ibilbide herrikoia (30km; desnibel metatua: 1000m) eta bigarrena, erremonteen bidez lagundutako enduro ibilbidea, Basque MTB enpresaren gidaripean (desnibel negatiboa: 1200m; desnibel positiboa: 700m). Azken honetan, gehienez 16 pertsonek parte hartzen ahal dute.
Bi ibilbide gidatuak bukatzean, jateko zerbait eskainiko da Lesakako Plaza Zaharrean eta dutxatzeko nahiz aldatzeko aukera emanen da kiroldegian. Honez gain, bisitariek Bizibide-zigilua daukaten establezimenduak bisitatzea gomendatzen du Lesakako udalak, hauek txirrindularientzat aparteko zerbitzuren bat eskaintzen dutelako (establezimenduen zerrenda eta hauen eskaintza webgunean ikus daiteke).
