Bizikletaren Astea ospatuko dute Lesakan ekainaren 21etik 26ra

Ttipi-Ttapa 2022ko ekainaren 14a

Bide Berdearen lotura heldu den astean estreinatruko dute. Ekainaren 22an, asteazken goizean oinez eta ekainaren 24an, ortzirale arratsaldean, bizikletaz, plazatik abiatuta.

Bidasoko Bide Berdearen loturaren irekiera eta Bizibide BTT eremuaren aurkezpena izanen dira astearen ardatz nagusiak

Ekainaren 21etik 26ra ospatuko duen Bizikletaren Astearen egitaraua ezagutzera eman du Lesakako udalak. Heldu den asteko asteartetik hasita eta igandera arte, publiko guztientzako bizikletarekin zerikusia daukaten ekitaldiak antolatu ditu.

Ekainaren 21ean, asteartean 19:00etan, Igone Mariezkurrenak hasiera emanen dio asteari Westfjords: Islandia ezezaguna bizikletaz hitzaldiarekin. Hurrengo egunean, ekainaren 22an, asteazken goizeko hamarretan jubilatuen txanda izanen da, orain bukatzen ari diren bide berdearen lotura oinez estreinatuz. Arratsaldez, 17:00etatik hasita 20:00 arte bizikletak konpontzeko bi tailer antolatuko dituzte frontoian, lehenengoa gaztetxoei zuzendua (2006 eta 2012 artean jaiotakoak) eta bigarrena helduei zuzendua (16 urtetik gorakoak). Tailer hauetan parte hartzeko, nahitaez eman behar da izena, ekainaren 17a, ortziralea, baino lehen, karteletan agertzen den QR kodea eskaneatuz online edo fisikoki Lesakako kiroldegian.

Ekainaren 24an, ortziralean 17:00etan bide berdearen irekiera herrikoia eginen da bizikletaz, Plaza Zaharretik abiatuta. Ibilbidea bukatzean, Zirkun Zirko: Bidaibizitzen ikuskizuna izanen da plazan, haurrei zuzenduta.

Ekainaren 25ean, larunbat goizean, Lesakako Udalak sortu duen Bizibide BTT eremuaren aurkezpen ofiziala izanen da. 08:30eko prentsaurrekoaren ondoren, 09:00etan bi ibilbide gidatu antolatuko dituzte Harriondoa kultur etxetik, Basque MTB enpresaren laguntzarekin. Hauetan izena ematea ere derrigorrezkoa da, ekainaren 23a baino lehen. Azkenik, asteari bukaera emateko, Andra Mari Zaharren Egoitzaren txanda izango da. Bertakoei, Nagusikleta izena duten triziklo batzuetan paseotxo bat emanen diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun