Zelaieta Futbol Txapelketa solidarioa jokatuko dute datorren igandean Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 30a, 08:00
Guztiok elkartearen alde jokatuko den futbol txapelketaren aurkezpenean, Gure Txokoako eta Guztiok elkarteko ordezkariak.

Bortzirietako Guztiok elkartearen aldeko dirua biltzeko eta aldi berean Genaro eta Unai Zelaieta gogora ekartzeko helburua dauka

 

Berako Gure Txokoa elkarteak, datorren igande arratsalderako, futbol txapelketa solidario bat antolatu du. Genaro eta Unai Zelaieta futbol jokalariak gogora ekartzeko balioko duen txapelketan, infantil mailako Osasuna, Real Sociedad eta Baztan-Bidasoaldeko selekzio batek (Gure Txokoa, Baztan, Beti Gazte eta Doneztebeko jokalariak) parte hartuko dute. Berako Matzada futbol zelaian izanen da eta 16:30ean hasiko da. Lortuko den diru guztia, Bortzirietako Guztiok elkartearen alde izanen da.

Guztiok elkartea, Bortzirietako behar bereziak edo/eta desgaitasuna duten umeen familiek duten osasun arloko gabeziei aurre egiteko sortu zen. Elkarte honek, ekitaldi honetan lagundu duten guztiei eskertu nahi die, bereziki Ibardin elkarteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun