Duintasunaren aldeko aldarria gizarteratzen ari dira eskualdeko haur eskolak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 6a, 13:00
Elizondo eta Berako haur eskoletako ordezkariak, Lesakako Magala Haur eskolaren atarian egindako elkarretaratzean.

Gaur goizean Lesaka eta Berako alkateen babesa jaso dute, baita bi herrietako ikastetxeen elkartasuna ere

 

Greban segitzen dute 0-3 urteko haur eskolek eta bien bitartean, duintasunaren aldeko aldarria zabaltzen segitzen dute. Gaur goizean Bortzirietan barna dabiltza, beraien aldarrikapenaren berri ematen. Goizean, bihar Iruñean eginen den manifestaziora deituz informazioa eman diete Lesakako Magala haur eskolako gurasoei eta ondotik elkarretaratzea egin dute Lesakako Plaza Zaharrean. Beraien aldarrikapenei babesa emanez, Ladis Satrustegi Lesakako alkatea eta Tantirumairu ikastolako eta Irain eskola publikoko ordezkariak izan dira, hezitzaile eta gurasoekin batera.

Lesakako plazan, Ladis Satrustegi alkateak eta Tantirumairu ikastolako eta Irain eskolako ordezkariek bat egin dute 0-3 urteko haur eskoletako ordezkariekin.

 

Magala haur eskolako ordezkariak komunikatua irakurri du:

 

Komunikatua

Sinestarazi nahi digute Nafarroan 0-3a kalitatezkoa dela, baina ditugun baldintzak ez dituzte azaltzen.

Norbaitek uste du hilabetetako zortzi haur hezitzaile bakar batek ongi zaintzen ahal dituela? Benetan uste duzue hezitzaile bakar batek urte bateko hamabi haur ongi zaintzen ahal dituela? Serio sinisten duzue hezitzaile batek, berak bakar-bakarrik, bi urteko hamasei haur zaintzen ahal dituela?

Gure ustez, hori ez da kalitatea, eskaintzen ari garena ez da kalitatezko zaintza.

%100 ematen dugu egunero eta, halere, ez gara iristen, ezta urrutitik ere, haurrei eskaintzen ahalko genieken guztira.

Kuriosoa da, gure baldintzetan, gure baldintza prekarioetan, Nafarroako hezitzaileok gure formakuntzari eskaintzen diogun denbora. Ordu aunitz, beti lan orduetatik kanpo, eta aunitzetan gure sakelatik ordainduta. Etengabe formatzen ari gara eta etengabe formatzen jarraituko dugu.

Zergatik? Gure lana ongi egin nahi dugulako, kalitatezko zaintzak eman nahi ditugulako, ziklo honetan sinisten dugulako, haurren ongizatea nahi dugulako eta sasi guztien gainetik, gure lana maite dugulako.

Baina ilusioa, formazioa eta bokazioa ez dira nahikoak! Baldintza hauetan erabat mugatuak gaude! Eta eskaintzen ahal dugun bakarra superbibentzia da.

Norbaitek erran zuen bezala, “ezagutzen ez dena ez da ikusten”. Ez gaituzte ikusten! Politikarien bulegoetatik ez dira negarrak aditzen, gu gara gure haurren ahotsa. Horregatik entzun gaitzatela!

Bihar, maiatzak 7, eguerdiko ordu batean, denak Iruñera!

 

Lesakatik Berara

Lesakatik Berara joan dira eta han ere alkatearen eta ikastetxeetako ordezkarien babesa jaso dute. Maiatzaren 17an Nafarroako Parlamentuko Lan Mahaian parte hartuko dute 0-3 haur eskoletako ordezkariek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun