Bidasoko 2022ko Lehenbizikoa 4,460 kilokoa izan da eta Donostiako jatetxe batek erosi du 1.600 eurotan

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 1a, 13:00

Pedro Iglesiasek Berako Arrantza Elkarteak eman dion lehen saria eta izokina erakusten.

Arrantza sasoiko lehen egunean, egunsentian, 7:25ean zehazki, arrantzatu dute Lehenbizikoa Endarlatsan, Villanuevako tartean. Pedro Iglesias 62 urteko arrantzale irundarra izan da zorionekoa eta arrantzatu duen izokinak 4,460 kg pisatu du eta 770 mm luze. Iazko Lehenbizikoak 7,800 kg pisatu zituen eta 890 mm-ko luzera izan zuen.

Izokinaren arrantza-denboraldia, ohikoa den bezala, gaur hasi da, maiatzaren 1ean, eta 51. alea arrantzatzerakoan itxiko da, edo, zenbaki horretara iristen ez bada, uztailaren 31n.

Bidasoan denboraldi honetan arrantzatu duten lehen izokin hau Donostiako Rekondo jatetxeak erosi du, 1.600 euroren truke. Identifikazio-ziurtagiria Bidasoko Basozainen taldeak egin du. Talde horretako ordezkariek adierazi dutenez «gaur Bidasora hurbildu diren arrantzaleak normalean etortzen direnak izan dira eta ibaiaren baldintzak eta baldintza meteorologikoak egokiak ziren arrantza egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun