Maiatzaren 1ean hasi eta uztailaren 31ra arte irekiko da Bidasoko izokinaren arrantza denboraldia. Hori bai, aitzinetik 51 izokin arrantzen badira, orduan berean bukatuko da denboraldia. Bertzelako mugak ere izan dituzte sasoi honetan. Zenbait zalantza izan badira ere, Lehenbizikoa saltzeko aukera izanen da aurten ere.
Horrela, urtebete baino gehiagoko (70 zentimetro baino luzeagoak, alegia) 16 izokin arrantzatu daitezke sasoi osoan, baina neurri horretako izokin kopuruaren %80a arrantzatzen denean (13 izokin), biharamunetik hasita zazpi egunez arrantza egitea debekatu eginen dute. Asteartetan ezin izanen da arrantzarik egin eta arrantzatzen den izokinaren gutieneko neurria 50 zentimetrokoa izanen da.
Arrantzatutako izokinak bizirik Ingurumen Departamentuari emateko aukera ere izanen da, ikerketarako edo ugalketarako erabiliak izan daitezen.