«Bidasoa ospitaleko kirofanoak ez ixtea urrats positiboa da baina proiektu berriaren edukiak ez ditugu oraindik ezagutzen»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 25a, 15:00

Bidasoa Osasun Plataformak jakitera eman duenez, «erne» segituko du Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoaren birmoldaketaren inguruan gertatzen ari diren nobedadeak, eta maiatzaren 9an Eusko Legebiltzarrean agertuko direla iragarri dute, «Osasun Batzordearen bilkuran gure aldarrikapenak eta, beraz, eskualdekoak azaltzeko».

Apirilaren 12an Gotzone Sagarduik, Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak, Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin bilera bat izan ondotik adierazi zuenez, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak ez dituzte Donostiako Onkologikora lekualdatuko obrek irauten duten bitartean. Adierazpen horiek entzun ondotik, Bidasoa Osasun Plataformak prentsa oharra igorri du osasun sailaren jarrera berria baloratzeko.

«Irizpide aldaketa hori urrats positiboa da» plataformaren iritzian eta azken hilabeteotako borrokaren ondorio zuzena da. Zehazki, «ospitaleko profesionalen kolektiboen, gure plataformaren, babesa eman diguten udalen eta, batez ere, beti aldeko erantzuna eman duten eta mobilizazioetan parte hartuz herritarrek egin duten borrokaren ondorio zuzena».

Alabaina, Osasun Sailak orain arteko jarrera aldatu izana urrats positiboa dela aitortu ondotik, «berriro diogu beharrezkoa dela proiektu berriaren edukia ezagutzea, zeren, hala eta guztiz ere, sailburu andrearen hermetismoak jarraitu egiten baitu; eta, dirudienez, bakarrik alderdikideekin hitz egiten du».

Proiektu berria «eragile guztien parte-hartzearen emaitza» izan beharko lukeela berretsi dute

«Oraindik ere pentsatzen dugu proiektu hau Osasun Sailaren, gure plataforman ordezkaritza zabala duten osasun-langileen eta eskualdeko udal eta zerikusia duten eragile guztien parte-hartzearen emaitza izan behar dela. Emaitza hori, gainera, Bidasoak eta Bortziriak datozen hamarkadetarako dituzten behar teknikoak eta sanitarioak jasoko dituen eta pazienteen segurtasuna zainduko duen proiektu bat izan behar da, kontuan izanik, gainera, hazten eta zahartzen ari den biztanleria dugula, eta, beraz, arreta gehiago behar dela».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun