Izan ere, ez balitz aldatuko hasierako proiektu hori, Bidasoko Ospitalea urte eta erdi inguru kirofanorik gabe geldituko zen eta, denbora horretan, jarduera kirurgiko osoa Donostiako Onkologikora lekualdatu beharko zen.
Bilera Hondarribian
Hondarribiko alkatearen eta osasun kontseilariaren arteko bileran hainbat gai jorratu ziren. Bertzeak bertze, Sagarzazuk Osasun sailburuari jakinarazi zion obrak egin bitartean «funtsezkoa dela herritarrei zerbitzu kirurgikoa ematen segitzea ospitalean bertan, bitarte horretan Donostiako Onkologikora lekualdatu beharrik gabe».
Erreakzioak
Osasun Bidasoa Plataformako Mariaje Alfonsorentzat «urrats garrantzitsua» da obrak gelditzea. «Plataformak hasieratik eskatu du beste aukera batzuk aztertzea. Baina ezin dugu guardia jaitsi», ohartarazi du. «Osakidetzak gure eskualderako zer aukera proposatzen dituen eta zer etorkizun nahi duen ikusi behar da». Mariaje Alfonso plataformako kidea izateaz gain, Bidasoa Ospitaleko langilea ere bada, eta gaineratu du osasun arloko profesionalek Osasun Sailaren biraketa horren berri «komunikabideen bidez» izan dutela.
Jose Antonio Santano Irungo alkateak adierazi duenez, «Bidasoko eskualdea ez da ebakuntza gelarik gabe geldituko urte eta erdi baino gehiagoz. Hori da garrantzitsuena, eta pozten naiz horregatik».