Oier Ariznabarretak eta Maria Ordoñezek irabazi dute Berako XVI. Mendi Maratoi Erdia

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 11a, 07:00

Lasterketan hirugarren izan den Joseba Larralde eta Maria Ordoñez Nafarroako txapeldun izan dira. Ikusi hemen sailkapen osoa.

Oier Ariznabarreta, ordu bete, 39 minutu eta 51 segundoko denborarekin, eta Maria Ordoñez, 2 ordu, 3 minutu eta 54 segundorekin, Beran jokatutako hamaseigarren Mendi Maratoi Erdiko txapeldun izan ziren atzo. Durangoko korrikalariak ez zuen arazorik izan zazpigarren aldiz jarraian nagusitzeko gizonezkoen kategorian, Imanol Goñiren eta Joseba Larralde beratarraren aitzinetik, 21 kilometro eta 2.700 metroko desnibela dituen ibilbidean.

Ariznabarreta lasterketaren lehen metrotik joan zen buruan, eta Larunen, ibilbideko punturik altuenean, lau minutuko tartea atera zion Goñiri.

Irabazleak ezin izan zuen 2014tik duen bere errekorra hobetu (ordu bete, 37 minutu eta 30 segundo). Tarteko helmuga ere, 150 eurorekin saritua, Ariznabarretarentzat izan zuen.

Emakumezkoen kategorian, Berako maratoi erdian debutatu zuen Maria Ordoñezek irabazi zuen. Naiara Irigoien bigarren sailkatuari ia minutu bateko tartea, eta Oihana Kortazar hirugarrenari lau minutuko tartea atera zien.

Joseba Larralde Nafarroako txapeldun

Nafarroako banakako txapelketari dagokionez, Joseba Larralde beratarra suertatu da txapeldun, Xabi Zarranz eta Iñigo Macíasen aitzinetik. Emakumezkoetan, Maria Ordoñez bera izan da txapeldun, Naiara Irigoien eta Ainara Alcuazen aitzinetik. Beteranoetan, Joseba Lasarte beratarra hirugarren izan da, Mikel Beunza eta Jose Luis Berazaren gibeletik eta emakumezkoetan, Ana Reina lesakarra txapeldun, Garbiñe Solano bigarren eta Irene Matxiarena beratarra hirugarren.

Gazte Trailen Beñat Albisu eta Oihana Arruti garaile

14 eta 17 urte bitartekoei zuzendutako Gazte Trailean, Beratik atera eta Beran bukatzen zen 10 kilometroko ibilbide berrian, Beintza-Labaiengo Beñat Albisu (ManttaleI) izan zen irabazlea, Markel Barrio eta Manttaleko Oihan Pikabea beratarraren aitzinetik. Emakumezkoen kategorian Manttaleko Oihana Arruti lesakarrak irabazi zuen.

Taldekako sailkapenean Txurregi taldea gailendu zen, Hiru Herriren aitzinetik.

Guztira 530 korrikalarik parte hartu zuten proban, eta horietatik 459 helmugaratu ziren. Publiko jendetsua egon zen lasterketa ikusten, tenperatura freskoekin hasi zen goiz eguzkitsu batean, haizetsu ibilbideko goiko eremuetan.

Sari banaketan, Manttalek, Agerra Mendi Taldeak eta Gure Txokoak osatzen duen antolakuntzak osasun-langileei omenaldia egin zien, bai lasterketaren 16 urteetan emandako laguntzagatik, bai Covidaren pandemian egindako lanagatik. Osasun-langileak podiumera igo ziren, eta oroitzapenezko kamiseta bana eta hainbat opari eman zizkieten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun