Euskararen kale neurketa aztertuko dute apirilaren 12an Beran

Ttipi-Ttapa 2022ko apirilaren 8a

Berako karriketan aditzen den euskara neurtu du UEMAk egindako ikerketak.

Azken urteetan karrikako erabilerak izandako bilakaera aztertu eta datuen gogoeta eginen dute saioan

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak berriki eman ditu argitara 2021ean 93 udalerritan egindako kale neurketen emaitzak. Datu horiek aztertzeko, apirilaren 12an, asteartea, 18:00etan, lan saio bat eginen dute Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Saio honetan batez ere Berako datuak emanen dituzte jakitera, azken urteetan karrikako erabilerak izan duen bilakaera aztertuko da, eta datuen gaineko gogoeta eginen da etorriko diren parte hartzaile guztien artean. Gisa honetako galderei erantzunen zaie: Zenbatean erabiltzen da gaur egun euskara Berako karriketan? Zein izan da bilakaera azken urteotan? Zein adin multzotan erabiltzen da gehien?, eta gutxien? Ba al dago alde nabarmenik emakumezkoen eta gizonezkoen erabileraren artean? Zein dira herritarren pertzepzioak?

Saioan erakusketa gelan bertan izanen den arnasguneei buruzko erakusketa ikusteko aukera eskainiko da, bisita gidatuaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun