Euskal Herriko 93 udalerritan egindako ikerketaren arabera, 2017an egindako datuekin alderatuz, euskaldunak % 80tik goiti diren udalerrietan beheiti egin du euskararen erabilerak. Eskualdeko udalerrietan, ordea, denetarik dago. Etxalarren, erraterako, % 33,7 puntu igo da euskaren kaleko erabilera, Arantzan % 9 egin du goiti erabilerak, Baztanen % 8,3 eta Igantzin % 1. Baina Leitzan eta Beran nabarmen egin du beheiti, % 24 Leitzan eta % 14,8 Beran. Goizuetan, berriz, % 5,4 jaitsi da erabilera.
UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketaren arabera, eskualdean Arantza da euskararen erabilera handiena duen udalerria (% 94,3); Goizueta da zerrenda hurrengoa (% 88,7), eta Lesaka (% 85,1), Etxalar (% 84,8) eta Igantzi (% 81,1) gero. Baztanen euskararen kaleko erabilera % 69,5ekoa da eta Leitzan % 68,5ekoa. Beran, biztanleriaren erdia baino guttiago solastatzen da euskaraz (% 45,4).
Adinari dagokionez, adinean goiti egin ahala, jaitsi egiten da euskarazko jarduna. Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak eta sexuari dagokionez, neurketa honetan emakumeen artean euskararen erabilera gizonena baino zerbait handiagoa dela ondorioztatu dute.
Dena den, txostenean ageri denez, «erabili duten metodologiak badu muga bat»: «Ezin da ziurtatu kalean hizketan ari diren hiztun guztiak herrikoak direnik. Horregatik, ez da egokia neurtutakoa herriko biztanleen hizkuntza-erabilera dela erratea, izan ere, neurtutakoa herriko kaleetan hartu den erabilera da».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!