Gipuzkoako Batzar Nagusietan Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko proiektua aztertzekoa zuten atzo, eta horren harira, Osasun Bidasoa Plataformako kideak batzar nagusien egoitzaren atarian bildu ziren. Bortzirietako eta Irun eta Hondarribiko herritarren eta Bidasoko Ospitaleko ebakuntza geletako langileen eskaerak «argi eta garbi» utzi dituztela nabarmendu zuten plataformakoek, eta «kezka» adierazi zuten «Osakidetza proiektua nola kudeatzen ari den» ikusita. Horrekin batera, otsailaren 19ko manifestazio jendetsua ekarri zuten gogora.
Gisa berean, EAJri «berriz» eskatu zieten «hausnartzeko» eta «gure eskualdeari entzuteko eta errespetatzeko»: «Bidasoko Ospitaleko kirurgia blokea berritzeko proiektua geldiaraz dezala, eskualdeko eragile guztiekin elkarrizketa mahai bat ireki arte».
PSEri ere zuzendu zieten mezua, «EAJko kidea baita, bai Eusko Jaurlaritzan, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta beraz, baita Osakidetzaren kudeaketan ere». Zehazki, PSEri «kontsekuentea» izateko galdegin zieten, «bere alderdiko kideen eskaerekin bat etortzea, Irungo Udala gobernatzen duten bere alderdiko kideekin», adibidez.
Bide beretik, «Irun, Hondarribia, Bera, Lesaka, Igantzi, Arantza eta Etxalarko herritarrek zuen botoaren zentzua baloratzen jakinen dutela» oroitarazi zieten, «espero dugu huts ez egitea» eta gaineratu zutenez, «kontuan izan, bertze deusen gainetik, ordezkatzen dituzuen herritarren interesak babestu behar dituzuela».