«Herritarrengandik jasotako babes handiak indar handiagoa ematen digu borrokan jarraitzeko, eta zilegitasuna ematen digu Bidasoko Ospitalerako onena lortzeko, hau da, gure eskualdeko osasun publikoarentzat onena lortzeko», adierazi dute Osasun Bidasoa plataformatik.
«Manifestazioan agertutako herritarren eta erakundeen aldarriaren ondoren -izan ere, Irungo, Berako, Lesakako, Arantzako, Igantziko eta Etxalarko udalek, eta Hondarribiko talde politiko guztiek -EAJk izan ezik-, publikoki adierazi dute gure aldarrikapenen alde daudela. Espero dugu, edo, hobeto esanda, exijitzen dugu guri entzutea eta, batez ere, Bidasoa eskualdeko herritarrak errespetatu gaitzaten», nabarmendu dute.
Eskualdea errespetatzeko modu bakarra bloke kirurgikoa berritzeko «egungo proiektua geldiaraztea, eta eskualdeko udalekin, osasun langileekin, elkarteekin eta gizarte mugimenduekin hitz egitea» dela nabarmendu dute. «Mahai bat abian jartzea eskatzen dugu, gure eskualdeko eragile guztien esku-hartzeaz gure eskualdeak merezi duen ospitalea izan dezan».
Osakidetzaren aurreikuspenetan aldaketarik ez baldin bada gertatzen, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko obrak maiatzean hasiko dira eta, gutienez, 18 hilabeteko iraupena izanen dute. Denbora tarte horretan, pspitaleko jarduera kirurgikoa Donostiako Onkologikora eramanen da.