Koronabirusa

Transmisioa ia % 50ekoa dela eta, Lesakako osasun zentroko arduradunek gomendio zehatzak eman dizkiete Bortzirietako herritarrei

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 22a, 09:30

Atzo Lesakako osasun etxean egin zituzten antigenoen 29 test azkarretatik 12 positiboak izan ziren.

Publiko egin duten ohar baten bitartez, «Lesakako osasun zentroaren egoera muga-mugan dagoela» azpimarratu dute eta, hortaz, «osasun baliabideak arduraz erabiltzea gomendatzen diete» Bortzerrietako herritarrei.

Oharrean azaldu dutenez, Bortzirietan «intentsitateko hagitz altuko zirkulazio epidemikoa» atzeman dute egunotan, «larritasun maila ertainekoa eta goranzko joerarekin».

Zehazki, abenduaren 9tik 15era bitarteko astean Lesakako osasun eremuan baieztatutako kasuen tasa 1.000 biztanleko 6.91koa da. Adinaren arabera, kasuen % 21a 5-14 urtekoen artean atzeman dira eta kasuen % 37a 35-54 urtekoen artean.

Azken 24 orduetan positiboak izan dira herri guztietan, eta «atzo egin genituen antigenoen 29 test azkarretatik 12 positiboak izan ziren; horrek erran nahi du % 41,37ko positibotasuna dagoela, eta birusaren gaur egungo transmisioa ia % 50ekoa dela gure eremuan» gaineratu dute.

Egoera honetan, honako hauek dira egiten ditugun osasun gomendioak:

  • Eskuak garbitzen segitzea.
  • Distantzia soziala eta aireztapena.
  • Leku itxietan musukoa erabiltzea segurtasun distantzia ziurtatzerik ez dagoenean.
  • Aglomerazioak saihestea.
  • Bizikideen nukleoak mugatzea eta burbuila bat sortzea.
  • Bilera eta topaketa laburrak dira seguruenak.
  • Ez fidatu test autodiagnostikoekin, negatibo faltsu ugari ematen dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun