Baztan-Bidasoko Pentsionistak Martxan elkarteak urteko azken elkarretaratzea egin du Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 20a, 15:00

Lesakan egin dute urteko azken elkarretaratze, pentsio duinak eta osasun arreta zerbitzua hobetzea eskatuz.

Bidasoa Ospitaleko egoerari buruzko solasaldia iragarri dute abenduaren 29rako Beran.

Baztan-Bidasoko Pentsionistak Martxan elkarteak urteko azken elkarretaratzea egin du abenduaren 20an, astelehen eguerdian Lesakako Plaza Zaharrean. Urte osoan bezala, pentsio duinak aldarrikatu dituzte eta horretaz gain, Bidasoa Ospitalean moldaketak egiteko kirurgia-planta erabat ixteko dagoen asmoaren kontra azaldu dira.

Guttieneko pentsioa langileen soldata minimoarekin parekatzea eskatu dute eta erretiroa 66 urterekin hartzea, bertze zenbait aldarrikapenekin batera.

Osasun arloan eta zaintzan ere gauzak ez direla batere moldatu gogoratu dute, «batez ere Elizondoko osasun etxean gabezia handiekin segitzen dute».

 

Bidasoa Ospitaleko egoerarekin kezka

Bortz herriei dagokienez, Bidasoa Ospitalean moldaketak egiteko kirurgia-planta erabat itxi behar dutela eta zerbitzu hori kentzeko asmoa denez, horrek kezka sortu du eta horren kontra borrokatu beharra ere aldarrikatu dute. Plataforma bat ere osatu da eta pentsionistek babesa ematen diote plataforma horri: «Bidasoa Ospitaleak 90.000 bizilagun artatzen ditu eta ebakuntza guztiak Donostiako Onkologikora bideratuko lituzkete, horrek erabiltzaileei eraginen dien eragozpenekin».

Honen inguruko informazioa emateko abenduaren 29an, heldu den asteazkenean, 18:30ean solasaldi informatiboa antolatu dute Berako Beralandetan.

Pentsionistak martxan taldearen hurrengo hitzordua ilbeltzaren 17an, astelehenarekin 12:00etan, Elizondon eginen dute

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun