Koronabirusa

Ruth Gonzalez: «Txertoa hartzea da koronabirusaren kontra dugun arma bakarra»

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 3a, 10:00

Ruth Gonzalez Santo Tomás, Bortzirietako Osasun Etxeko zuzendaria.

«Bortzirietan egunero egiten ditugun antigeno eta PCR proben % 30a positibo ateratzen da, eta hori izugarria da». Kezkatuta hitz egin digu Gonzalez medikuak, besta egun hauetako guardiako txandak antolatzen ari zela. «Eguberriak gainean ditugu eta familiarekin elkartuta pasatu nahi baditugu, kasu eman, babes neurriak errespetatu eta bizi dugun egoeraren arriskuaz ohartu behar dugu» gaineratu du.

«Txertatu gabe dauden hainbat positibo ospitaleratu ditugu azken asteotan»

Txertatuta egotearen garrantzia hasiera beretik azpimarratu nahi izan du. «Txertoa hartzea da koronabirusaren kontra dugun arma bakarra. Txertatuta daudenak ere kutsatzen dira, jakina, baina konparazioan, txertatuek sintoma arinak izaten dituzte eta gainera ez dira hain erraz kutsatzen. Txertatu gabe daudenek, aldiz, gehienetan gaizki pasatzen dute eta Bortzirietan bat baino gehiago ospitaleratu behar izan ditugu azken asteotan». Gonzalezek azaldu digunez, positibo gehienak haurrak dira, hamaika urtetik beheitikoak, eta «normalean ez dituzte sintoma larriak izaten. Helduetan, aldiz, arazoak izateko aukerak biderkatzen dira». Aste honetan Santos Indurain kontseilariak jakitera eman duenez, ZIUan ospitaleratuta daudenetatik % 70a txertorik hartu gabeko gaixoak dira.

FOREMen egunero jartzen dute txertoa hitzordurik eskatu beharrik gabe

Txertatu nahi duenak txertoa hartzeko erraztasun guztiak dituela azpimarratu nahi izan du Bortzerrietako Osasun Etxeko buruak. «Osasunbideak FOREMen duen instalazioetan asteko egun guztietan ematen ditu txertoak, eta txertatu nahi duenak hara joan bertzerik ez du egin behar, hitzordurik eskatu beharrik gabe».

60-69 urte bitartekoek Doneztebeko kiroldegian txertatuko dituzte abenduaren 13an eta 14an

Elizondo, Lesaka eta Doneztebeko osasun eremuetakoei Doneztebeko kiroldegian jarriko diete txertoa abenduaren 13an eta 14an. Eta 70 urtetik goitikoek txertoa hartzeko bigarren aukera bat izanen dute abenduaren 15ean, Lesakako Osasun Etxean.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun