Nafarroako Bertsolari Txapelketa 2021

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finalaren ataria emanen dute ETBko ‘Hitzetik Hortzera’ saioan

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 19a, 18:30

Eider Perez, 'Hitzetik Hortzera' saioko aurkezlea, Estitxu Arozena elkarrizketatzen Lesakan.

Finalerdietako bertsoen hautaketa eta Estitxu Arozenarekin egindako elkarrizketa emanen dute larunbatean 21:00etan

Azaroaren 28an jokatuko da Iruñean 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. ETBko ‘Hitzetik hortzera’ saioko aste honetako programan finalerdietako bertsoaldien hautaketa eskaintzeaz gain, Estitxu Arozena aurtengo txapel-emailearekin elkartuko dira. Larunbatean 21:00etan eskainiko dute programa ETB1en.

Urte hasieran izan behar zena pandemiak gibelatu eta udazkenean egiten ari da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizioa. Pixkanaka egin du bere bidea, eta azkenengo geltokia bakarrik gelditzen zaio: finala. Aitzinetik, lau kanporaketa eta hiru final aitzineko jokatu dituzte; azken hauek Altsasun, Berriozarren eta Leitzan. Hiru saio horietako hautaketaz gozatzeko aukera izanen da aste honetako Hitzetik Hortzera saioan.

Azkenean zortzi bertsolarik lortu dute hurrengo igandean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalean kantatzeko txartela: Eneko Lazkoz Martinez, Julio Soto Ezkurdia, Joanes Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Xabat Illarregi Marzol, Xabier Silveira Etxeberria eta Eneko Fernandez Maritxalar.

Finalerdietako bertsoaldi onenak emanen dituzte 'Hitzetik Hortzera' saioan.

 

Estitxu Arozenari elkarrizketa

Aurtengo txapel-emailea ere elkarrizketatuko dute, Nafarroako bertsogintzaren ikur ezaguna den Estitxu Arozena Albizu. Bertsoari emandako bizimodu bat da berea: gazterik hasi zen plazarik plaza, eta Nafarroako bi txapelen jabe ere bada. Egun, bertsolaritzaren transmisioan ari da ikastetxe zein bertso-eskoletan. Berarekin elkartuko dira Lesakan, eta aurtengo txapelketaz, iraganeko haren oroitzapenei buruz, txapela janztearen keinu sinbolikoaz eta Nafarroako bertsogintzaren egoeraz arituko dira solasean, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun