Urriaren 2an Izaban hasitako bidea bere helmugara iristear da. Erronkariko bailaratik igaro, eta Tafallatik, Zangozatik, Doneztebetik, Altsasutik, Berriozartik eta Leitzatik pasa ondotik, heldu den igandean jokatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala 17:00etan.
Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira, eskualdekoak dira horietako bortz: Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka), Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Josu Sanjurjo Altzuri (Lesaka), Saioa Alkaiza Guallar, Xabat Illarregi Marzol (Leitza) eta Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka). Ander Aranburu Arriola eta Alaitz Rekondo Ferrerok aurkeztuko dute finala.
Gaur aurkeztu dute finala Anaitasunan bertan, eta Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak hartu du hitza. Bertan nabarmendu du txapelketa hasi zenetik bi hilabetez, «kultur sorkuntza, bertsolaritza eta euskara herrialdeko bazter ugaritara» eraman dituela. Aipatu duenez, 1600 lagunek egin dute bat txapelketarekin orain arte, eta herrialdeko bertsolaritza «sendo, osasuntsu eta anitza» agertu da.
Lehen emakume txapeldunari omenaldia
Zortzi bertsolari ariko dira finalean kantuan, eta bakarrak jasoko du txapela. Hain zuzen Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari. Modu horretan, urte luzez Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia eskertu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, bai eta iaz, 1995ean irabazitako txapelaren 25.urteurrenean –emakume batek irabazitako lehena-, egitekoa zen eta pandemiak galarazi zuen omenaldia egin.
Nafarroako txapelketan 17 aldiz parte hartu du Arozenak, baina bertsolari figuratik askoz harago doa Estitxu Arozenaren bertsolaritzarekiko ekarpena. Bertso irakasle gisara jardun du batez ere. 1998an hasi zen lan horretan, eta ordutik, ehundaka taldeetan aritu da, Nafarroan gora-behera, Hezkuntza Arautuan zein Bertso Eskoletan. Bortzirietako Bertso Eskolako eragile nagusietako bat ere bada, eta hamarnaka bertso saio eta egitasmotako antolatzaile.
Zuzenean ikusteko aukera
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Hortik aitzinera, Anaitasunako txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dira, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak ekiditeko.
Finala ETB4 katean jarraitu ahalko da zuzenean, telebistan, eta internetez, www.bertsoa.eus eta www.eitb.eus atarietan, streamingean. ETB1ek, gainera, zuzeneko konexioa egingo du 21:00etan, eta finalaren laburpen saioa emango du igandean bertan, 23:30etatik aurrera. Hainbat hedabide ere akreditatu dira finala bertatik bertara jarraitzeko.