Txantreren iritziz, «ez da gauza bera, nahiz eta produktu ekologikoak eta kalitatezkoak izan, enpresa handi batek Hego Amerikan ekoitzi baditu eta horretarako bertako jendea lurretatik kanporatu badu, edo bertakoa izanda baldintza txarretan baldin badaude». Kontsumitzailearen aldean arretaz erreparatzen die «hiru faktore» horiei, baina baita ekoizlearen aldean ere. Lanbidez baratzezaina da eta argi du ez duela edozein ekoizpen eta negozio eredu egin nahi.
Noiz erabaki zenuen nekazaritzatik bizitzea?
Prozesu horretan nago. Nire proiektua oraindik ez da bideragarria, baina proiektua epe luzera planteatu dut, eta nahiago izan dut inbertsio haundirik egin gabe hasi, poliki-poliki lanari tamaina hartuz eta zein modutan lan egin nahi dudan ikusiz. Duela bi urte eta erdi hasi nintzen lurra lantzen eta duela bi urte lehenbiziko salmentak egiten. Oraindik proiektua hagitz ttikia da eta poliki-poliki ari naiz ikusten zer ateratzen zaidan ongi, zer den egokiena lur eta toki honetan, zertan merezi duen inbertsioak egitea… Nekazaritzan emaitzak urte batetik bertzera ikusten dira, aldaketek eta hobekuntzek ziklo hagitz luzeak dituzte eta mantso doa, baina kontent nago.
«Uste dut karga arintzeko nekazarien artean antolatzeko modu berriak bilatu behar ditugula»
Nekazaritzatik bizitzea bideragarria da?
Nik uste dut baietz, eta nekazaritzatik bizi den jendea ezagutzen dut, beraz, posible da. Gauza da ongi pentsatu behar dela zein eredutan lan egin nahi duzun: zer ekoitziko duzun, nola, nori eta nola salduko diozun… Horrek aunitz aldatzen ahal du egin behar dituzun inbertsioak eta izanen dituzun gastuak, eta beraz, proiektuaren bideragarritasuna. Gainera, gure inguruan ditugun eredu gehienetan nekazaria bakarrik ari da, edo gehienez ere familiako norbaitekin. Horrek erran nahi du ardura, antolaketa eta lan guztiak zure gain daudela, eta maiz hori pisu haundia da. Ez da zure lana egin eta norbaitek hilabete bukaeran soldata ordaintzea eta listo. Uste dut karga horiek arintzeko nekazarien artean antolatzeko modu berriak bilatu behar ditugula, proiektuak elkarlanean abiatuz, elkarlan puntualak eginez, zenbait lan partekatuz… Hamaika modu egoten ahal dira eta horrek bideragarriago eta bizigarriago egin dezake lanbide hau.
Nolako ekoizpen eredua egiten duzu?
Eskala ttikian lan egiten dut eta baratzeko ia lan guztiak eskuz. Ekoizpen anitza egiten dut, urte guzian zehar 25-30 produktu klase, eta helburua landarearen zikloaren ahalik eta gehiena nik egitea da. Salmenta ere eskala ttikian egiten dut, bezeroei zuzenean eta nire inguruko jendearen artean salduz, herrian bertan.
Nolakoa da zure produktuak kontsumitzen dituena?
Momentuz, bi salmenta modu ditut: saskiak eta Bidazi. Saskiak erosten dizkidan jendea herrikoa da, ezaguna. Asteroko konpromisoa dut eurekin eta beraiek nirekin, eta nahiko harreman hurbila dela sentitzen dut. Bidazin nire produktuak erosten dituen jendearekin ez naiz zuzenean egoten, baina eskualdekoa da, eta gehienak bistaz bada ere, ezagutzen gara.
Ekoizle zaren aldetik, zein zailtasun ikusten dituzu?
Zailtasunetako bat bakardadea izan da, inguruan nire egoeran dagoen hagitz jende gutti dagoela ikustea; nahiz eta jendeari lan hau gustatu, inor ez dela animatzen ikustea. Horren gibelean daude horrelako proiektu bat bideragarri izateko dauden zailtasunak. Ekonomikoki bideragarria izateko eredu berriak bilatu behar dira eta aunitz jarri behar duzu zure partetik, ez dago ia horretarako eredurik, formakuntzarik, aholkularitzarik… Nekazaritza eta baserria gutxietsi izana ere hor dago. Irri egin zaio, ez da egiazko lantzat hartu eta beti bideratu digute ikastera edo fabrikan lan egitera. Eta zenbait kasutan egia da fabrikan edo bertze lanetan segur aski diru gehiago irabazten ahalko dela. Baina batzuetan dena ez da dirua eta aukera guziak berdin baloratu beharko lirateke. Ez pentsatu batzuk bertzeak baino hobeak direnik.
«Batzuetan ez gara sobera informatzen jaten dugun horren inguruan»
Jendea kontzientziatzeko beharra sumatzen duzu?
Uste dut gaur egun mundu guztiak badakiela osasuntsu egoteko osasuntsu jan behar dela, baina batzuetan ez gara sobera informatzen jaten dugun horren inguruan, eta nik uste hori gure ardura dela. Jaten dugun hori kalitate onekoa den edo ez, gugandik hurbil edo milaka kilometrotara ekoitzia den, zenbat plastikotan bildua dagon, zein baldintzetan lan egiten duen hori ekoitzi duen jendeak… Horren inguruan denok susmatzen dugula zerbait, baina nahiago dugu ez ikusiarena egin. Ikusten dugu dena plastikoan inguratua dagoela, kamioiak etengabe pasatzen (gure eskualdean bereziki) direla, albistegietan tarteka jendea esklabo ari dela lanean... Eta gaur egun denok dakigu azukreak eta prozesatuak, adibidez, ez direla onak. Kontzientziazioa egitea ongi dago eta beharrezkoa da, baina uste dut gauza batzuk dagoeneko denok dakizkigula, eta aldaketa ttikiak norberak egin behar dituela.
Bidazi kontsumo elkartea hurbilekoa duzu. Halako proiektuek zein ekarpen egiten dute zure ustez?
Niretzat sekulako zortea da Bidazi bezalako toki bat izatea, kalitatezko produktuak, eta gainera, ahal den neurrian hurbilean ekoitziak eta ekoizleari zuzenean erosiak lor ditzakedalako. Aunitz errazten dit elikadura aldetik bizitza osasuntsua izateko aukera. Gainera, Bidazin ibiltzen den jendearen arteko harremana hurbilekoa eta konfiantzazkoa da, euskalduna… Aunitzetan denda baino gehiago topalekua ere izaten da.
«Ahal dudan guztia herrian lortzen saiatzen naiz»
Zein irizpide dituzu kontsumitzerakoan?
Saiatzen naiz ahal dudan guzia herrian lortzen, maila guztietan. Elikagaiak ere, herriko dendetan erosten saiatzen naiz, baina garrantzia ematen diot produktu horiek non, nork eta nola ekoitziak diren. Niretzat hiru faktore horiek garrantzitsuak dira: non, nork eta nola. Nahiz eta produktu ekologikoak eta kalitatezkoak izan, enpresa haundi batek Hego Amerikan ekoitzi baditu eta horretarako bertako jendea bere lurretatik kanporatu badu, ez dit balio. Edo bertakoa izanda ere, langileak baldintza txarretan baldin badaude ere ez.
Zailtasunik izaten duzu nahi dituzun produktuak eskuratzerakoan?
Orokorrean ez, baina zenbait kasutan, batez ere kontserbetan edo elaborazioa daukaten produktuetan, zaila da ekoizle ttikien produktuak lortzea. Merkaturatzeko eskatzen dituzten baldintzak aunitzetan zentzugabeak dira, horrek merkatutik kanpo uzten ditu eta ekoizle haundiei erostera behartzen gaituzte.
Eskualdeko produktu gehiago kontsumitzea gustatuko litzaizuke?
Egia erran, jaten dudan gehiengoa eskualdean ekoitzia da, hemen ekoitzi daitekeen guzia bederen, kafea, txokolatea eta antzeko batzuk izan ezik. Euskal Herrian eguneroko elikaduraren gehiengoa ekoizteko aukera dago: barazkiak, fruta, olioa, esnekiak, haragia, arraina, arroza, ogia, lekaleak, arrautzak, kontserbak, sagardoa, ardoa... Alde horretatik sekulako zortea dugu, eremu ttikian hainbat klima eta orografia ditugunez, ia guztia ekoizten ahal dugulako. Pixka bat informatuz gero, gure zonaldean nahiko erraza da eskualdeko produktuak kontsumitzea.
«Elikagaiak sortzea diru iturri denean, diferentea da ekoizpen eta negozio eredu bat edo bertze aukeratzea»
Elikadura negozio bilakatu dela uste duzu?
Gaur egun, elikadura negozioa da, ia inork ez dituelako bere elikagaiak sortzen, eta beraz, ez dugu erosi bertze erremediorik. Baina elikagaiak sortzea diru iturri denean, diferentea da ekoizpen eta negozio eredu bat edo bertze aukeratzea. Ez da gauza bera lan horretan kalitatezko produktuak ekoiztea, ingurunea zaintzea eta errespetatzea eta lan baldintza duinak izatea; edo osasunarentzat kaltegarriak diren produktu eskasak ekoiztea, ingurunea kutsatzea eta hondatzea eta esplotazio balditzetan lan egitea. Hor dago koska.
Kontsumo ereduek nolako ekarpena egiten diote tokiko ekonomiari?
Kontsumoaren bidez mugitzen da dirua, eta kontsumoa non egiten dugun dirua horrat joanen da. Herrian kontsumitzen dugunean eta bertako produktuak kontsumitzen ditugunean, badakigu diru hori eskualdean geldituko dela, eta aberastasuna sortzen dugu herrian. Kanpoan kontsumitzean, berriz, aberastasuna galtzen ari gara. Diruaz haratago, herrian eta ezagunei kontsumitzean harremanak, konplizitateak, sareak… sortzen dira, eta horrek ekonomiaz haratago doan aberastasuna sortzen du.