«Egungo kontsumo ohiturak elikagai merkeetan oinarritzen dira. Ez dago kontzientziarik elikadura osasungarri, tokiko, ekologiko eta kalitatezkoaren inguruan». Halaxe dio Itsasne Mendiberri Jaurenak. Bera da lehenbizi Malerrekan eta Bertizaranan eta orain Bortzirietan egin duten elikadura sistemaren diagnosiaren egileetako bat eta hori da atera duten ondorioetako bat: «eskualdean eta oro har gure gizartean orokortutako joera». Alde horretatik, herritarrengan «informazio edota kontzientziazio falta nabari dela» uste du.
«Egungo kontsumo ohiturak elikagai merkeetan oinarritzen dira»
Itsasne MENDIBERRI, ikertzailea
Tokiko Ekonomia Sustatzeko Lurralde Elikadura Estrategia garatzeko abiatu duten prozesuaren barnean egin dute elikadura sistemaren azterketa. Urte hasieran aurkeztu zuten Malerrekako eta Bertizaraneko diagnosia Donezteben eta, azaroaren 5ean gauza bera egin zuten Beran, Bortzirietako azterketa aurkezteko. Egun berean, bi eskualdeek elkarlanean «elikadura estrategia bateratua» abiatzeko lansaioa egitekoa zuten eta azaroaren 26an eginen dute bigarren saioa, Donezteben.
«Garaiotan zentzuzkoena bertan ekoitzitako kalitatezko produktuak kontsumitzea da»
Aitor ELEXPURU, Berako alkatea
Abiapuntua
Mendiberriren arabera, «Bortzirietan Hiri Hondakinen Mankomunitateak Tokiko Agenda 21ean adierazitako lehentasunezko estrategietako bati segituz» hasi dute proiektua. Aitor Elexpuru Berako alkateak gaineratu duenez, Agenda 21a joan den urtean berritu zuten Bortzirietan eta egindako prozesu-hartzailean ondorioztatu zuten, «lehen sektorearen inguruan badela kezka. Urteekin egoera sozioekonomikoa aldatu da. Industria garatzen joan da, lehen sektorea bizibide izatetik osagarri ekonomiko bihurtzeraino». Eta horri «elikagaien inguruko kezka eta sentsibilitate gero eta handiagoa» gehitu zaizkio. Hala, «garaiotan zentzuzkoena bertan ekoitzitako kalitatezko produktuak kontsumitzea dela» sinetsita, bortz herrietako alkateek elkarlanean, «Malerrekan eta Bertizaranan egina zutena begiratu, eta guk ere antzeko zerbait egitea pentsatu genuen».
Tokiko elikagaiak kontsumitzeko prestutasuna
Bortzirietako udalek eskatuta Itsasne Mendiberrik, Aintzira Oñederrak eta Marc Badalek egin dute ikerketa, «Bortzirietako elikadura sistemak dituen indarguneak, aukerak eta arriskuak identifikatzeko» eta honela, «bailarako lehen sektorea egonkortu eta sustatzeko proposamenak aztertzeko». Mendiberrik «etorkizun hurbilean Ekonomia Zirkularrari eta Tokiko Produktuen Kontsumoaren Sustapenari buruzko proiektu bati egiteko aukera baloratzen ari garela» kontatu du.
Diagnosia martxoan hasita egin dute eta tartean Bortzirietako hainbat aditu, ekoizle eta kontsumo proiektu aztertu dituzte eta «tokiko elikagaiak kontsumitzeko prestutasuna dagoela sumatu» dute. Horren adibide, «Bidazi elkartea eta hainbat eskoletako jantoki» aipatu ditu. Ekoizpenari dagokionez, ordea, «nahiz eta baserriak egon, profesionalki lehen sektorean ari direnak gutti direla» ondorioztatu dute, «eta guttiago oraindik baratzezaintzan edota frutagintzan aritzen direnak». Horren gibelean, «Bortzirietako industria jarduera handia» aipatu du, «zaildu egiten du eskualdeko gazteek nekazaritza lan aukera desiragarritzat hartzea».
Ekoizpen ereduak
Ekoizpen ereduei erreparatuta, eredu estentsiboak, intentsiboak eta agroekologikoak aztertu dituzte. Hala «Bortzirietako eta oro har, Baztan-Bidasoko nekazaritza eredu nagusia estentsiboa dela» ikusi dute. «Ekoizpen eskala ttiki samarra dute, dibertsifikazio jakin bat, eta tokiko baliabideak aprobetxatzen dituzte, mendietako larreak. Beraz, paisaia mantentzen dute, zuzeneko salmenta bidez saltzen dute ekoizpenaren zati bat...». Hala ere, «gehienek jarduera osagarri edo zaletasun izatera mugatzen» omen dute, «eta abeltzain aunitz jubilatuta edota jubilatzear daude».
«Bortzirietako eta oro har, Baztan-Bidasoko nekazaritza eredu nagusia estentsiboa da»
Itsasne MENDIBERRI, ikertzailea
Bide beretik, «eredu agroekologikoan aztertutako «proiektu guztiak eskala ttikiko ekoizpen ekologikoak» direla dio Mendiberrik: «Dibertsifikatuak eta tokiko baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzen dituztenak dira, bide laburren bitartez merkaturatzen dute eta, neurri handiagoan edo ttikiagoan, egitura edo dinamika kolektiboetan parte hartzen dute».
Hain zuzen, agroekologikoa omen da «jende gazte gehien biltzen dituen eredua. Gainera, eredu estentsibotik eredu agroekologikorako trantsizioa nahiko erraz egin daitekeela uste dugu». Ez hori bakarrik. «Baserritarraren irudi estereotipatua hausten» dutela azaldu du: «bertzelako gaiekin gehiago lerrokatzen dira: arazo klimatiko eta ekologikoekin, ekonomia sozial eta solidarioarekin, feminismoarekin...».
Ekoizpen intentsiboa ere aztergai izan dute eta hasteko, «Nafarroa hegoaldeko eredu intentsiboekin alderatuz, hemengoak proiektu ttikiak direla» argitu nahi izan du ikertzaileak, baina «lurraldearen ezaugarriak kontuan harturik, dibertsifikaziorik gabe eta abere kopuru handiekin dihardutelako» eredu intentsibotzat hartu dituzte. Horrelako eredu «hagitz gutti» ageri omen dira Bortzirietan, «mekanizazio maila jakin bateko proiektuak dira eta normalki eskualdetik kanpo egiten dute salmenta».
Kontsumo ohiturak
Kontsumo ohiturak behatzerakoan, eskola jantokiak, zahar etxeak, jatetxeak, harategiak, fruta denda bat eta kontsumo elkarte bat aztertu dituzte: «Orokorrean elikagai hornitzaile nagusiak banaketara dedikatzen diren enpresak dira baina ikastetxeen kasuan, eskualdeko dendak dira». Ikastetxeetan jantokien harira, «kasu aunitzetan bertako elikagai eta komertzioen aldeko apustu argia» nabaritu du Mendiberrik. Eta «Berako eta Lesakako zahar etxeen kasuan, kudeaketan udalek erabakitzeko ahalmena izanda, interesgarriak diren jantokiak dira etorkizun batean tokiko produktuak txertatu ahal izateko».
Admnistrazioaren papera
«Tokiko elikadura sistema indartzeko bertzelako eragileen inplikazioa ezinbertzekotzat» jo du ikertzaileak eta «merkaturatze bide laburrak eta oinarrizko azpiegiturak indartu eta egonkortzeko administrazioaren papera funtsezkoa» dela sinetsita dago: «Erosketa publikoa ere tresna bikaina da, bertakoa, garaikoa eta ekologikoa den elikadura sustatzeko». Dioenez, «Bortzirietako udalek euren zerbitzu publikoetan erosketa irizpideak ezartzeko eskumena izanda, aukera paregabea dute tokiko ekoizpenei sostengu sendo bat emateko».
Horrekin batera, «tokiko elikagaien banaketa eta logistika sistemak koordinatzerakoan izan dezakeen paper aktiboa» ere azpimarratu du eta «azokak bertako ekoizpena herritarrei ezagutarazteko eta indartzeko tresna interesgarriak» direla gaineratu du: «Gaur egun bertako ekonomian pisu txikia duten arren, etorkizunera begira birpentsatzeko eta indartzeko elementuak dira».
Bertzetik, erreleboaren kontua aipatu du. «Egun eskualdean abeltzain ez profesionalek betetzen duten zeregina guztiz ezinbertzekoa den arren, sakonki lan egin beharra dago eskualdeko nekazaritzaren belaunaldi erreleboa bermatzeko. Tokiko eta eskualdeko administrazioek eskura dituzten baliabide guztiak erabili beharko lituzkete gazte gehiagok sektorean instalatzeko aukerak izan ditzaten».
«Bertakoa edo ingurukoa eta ekoizpen agroekologikoan oinarritua. Hori izanen litzateke gure iparra, hori da udalek lehenetsi nahiko genukeen bidea»
Aitor ELEXPURU, Berako alkatea
Agroekologikoa lehentasun
Guztiaren oinarrian, «kalitatezko elikadura sistema osasuntsua» dute xede, Berako alkatearen hitzetan, «bertakoa edo ingurukoa ahal bada» eta «ekoizpen agroekologikoan» oinarritua: «Hori izanen litzateke gure iparra, hori da udalek lehenetsi nahiko genukeen bidea».
Eskualdean dagoeneko halako proiektuak badirela eta «eredugarri izan daitezkeela» iruditzen zaio Elexpururi: «agroekologiak balio erantsia ematen dio produktuari, bai kalitate aldetik baita jasangarritasunaren eta osasunaren aldetik ere. Ezaugarri ekonomikoez gain, bertzelako alderdi sozial, kultural eta ekologikoak ere aintzat hartzen dituen diziplina da». Bide horretan, «Oronozen kokatuko duten eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxe berrian agroekologia ikasketak jarri nahi dituzte, gero eta ekoizle gehiagok bide hori aukeratzen dutelako».
Bertzeengandik ikasiz
Ez dira hutsetik hasi eta «non begiratu izatea» poztekoa dela dio alkateak: «bertze esperientzietatik aunitz ikas daiteke». Urruti joan gabe eskualdeko hainbat adibide ekarri ditu gogora: «Beran Bidazi dugu, ekonomia sozialaren aldeko lanean kontsumo arduratsua eta ekologikoa bultzatzen duen elkartea; hainbat ikastetxetako jantokiak herriko dendetatik hornitzen dituzte; Baztanen lan handia egin dute gai horren inguruan eta hurbiltasunagatik eurekin elkarlanean aritzea ongi legoke. Iparraldean ere badira esperientziak martxan, Leitzan ere bai... Elikadura burujabetzaren inguruan Udalbiltzak hainbat esperientzia bilduak ditu».
«Pausoz pauso»
Elexpuruk herritarrak ere «gero eta sentsibilizatuagoak eta kontzienteagoak» ikusten ditu, eta gogoan du, «pandemiaren eraginez konfinatuak egon ginenean bertako eta hurbileko denden garrantzia ikusi zela. Tokikoak bertze dimentsio bat hartu du. Globalizazioa eta politika ekonomiko neoliberalak ezagutzen ditugu eta badakigu zein ondorio kaltegarri dituzten». Hala ere, «oraindik egiteko aunitz» dagoela uste du».
«Badirudi elikadura sistema atzendutako esparrua izan dela, nahiz eta egunerokoan oinarrizkoa izan»
Itsasne MENDIBERRI, ikertzailea
Iritzi berekoa da Mendiberri eta, herritarrak kontzientziatzeko beharraz aritu da: «Herritarren gehiengoaren erosketa ohiturak ez doaz hurbileko sektorea indartzeko norabidearekin bat». Hain zuzen horregatik, «tokiko lehenbiziko sektorea indartzeko asmoz egindako edozein ekimen kontzientziazio edo sentsibilizazio lan sendo batekin lotuta joan beharko lukeela» iruditzen zaio. «Badirudi, elikadura sistema atzendutako esparrua izan dela, nahiz eta gure egunerokoan oinarrizkoa izan. Badaude epe motzean lor daitezkeen helburuak, baina elikadura sistemari beharrezko garrantzia eman nahi bazaio inplikatutakoen konpromisoak irmoa izan beharko luke».
«Globalizaziotik tokikora salto egitea litzateke helburua, bertan ekoiztea eta bertan kontsumitzea, tokiko ekonomia sustatuz eta hurrengo belaunaldiei landa eremuan lan eta bizitzeko aukera emanez».
Aitor ELEXPURU, Berako alkatea
Elexpuruk onartu du helburua «ez dela gauetik goizera lortuko», eta «zailtasunak» ere aipatu ditu: «multinazionalen indarra, jendearen kontsumo ohiturak...». Baina «ttikitik eraginez, eta pauso ttikiak emanez» lanean segitu nahi dute: «Globalizaziotik tokikora salto litzateke helburua, bertan ekoiztea eta bertan kontsumitzea, tokiko ekonomia sustatuz eta hurrengo belaunaldiei landa eremuan lan eta bizitzeko aukera emanez». Horretarako, «garrantzitsua» iruditzen zaio «ibilbideari eustea eta ez etsitzea. Elikadura burujabetzaren aldeko pausoak ematen ari gara, hasieran gaude eta segida izatea nahi genuke».
AZAROAREN 26AN BIGARREN JARDUNALDIA Azaroaren 5ean aurkeztu zuten Bortzirietako elikadura sistemaren diagnosia, ilbeltzean Malerreka-Bertizaranan egin bezala, eta horrekin batera, bi eskualdeen arteko lehenbiziko lansaioarekin hastekoak ziren. Azaroaren 26an, bi eskualdeek elkarlanean, bertze lansaio bat eginen dute Donezteben. Saio horretan elkarlanerako aukerak argitu nahi dituzte. Bortzirietako lansaioan bildutako emaitzak aurkeztu eta ekintza estrategikoen inguruan izan daitezkeen aliantzak eta sareak bistaratuko dituzte. Eta Cederna Garalur elkartekoek elikadura estrategian identifikatutako ekintza plana egiteko balizko dirulaguntzak aurkeztuko dituzte. Bildutakoek eztabaidarako tartea ere izanen dute. Saioa «irekia» izanen da eta Elexpuruk kontatu duenez, «eskualdeko lehen sektoreko elikagai ekoizleek eta kontsumo taldeek eskutitz bidez hartuko dute gonbidapena». Hortik harago, «interesa duen edonori» parte hartzeko deia egin diete Elexpuruk eta Mendiberrik. Orduan zehaztu nahi dute bide orria, «elkarlanaren oinarriak eta etorkizun laburrean har ditzaken konpromisoak», dio Elexpuruk. «Talde eragile bat sortzeko» aukera ere aipatu du, eta «akaso dinamizatzaile lanak eginen dituen langile bat kontratatu beharko da». |