Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldien saioetako bat Lesakako Harriondoa kultur etxean eginen dute azaroaren 13an. Larunbat goiz osoan hainbat kultur adierazpideren inguruan ikasteko aukera izanen da.
Antzerkiaz ariko da ADEL Artedramako Mikel Unamun; Nola sozializatzen dira gazteak dantzaren bueltan? gaiaz ariko da dantzan.eus webguneko Oier Araolaza. Atsedenaldiaren ondotik, Gazteak eta kulturgintzaren transmisioa, belauanaldiartekotasuna izeneko mahai-inguruan ariko dira Xan Berterretche, Baigura aldeko esperientziaren berri emanez eta Kimetz Arana, Meatzaldeko esperientziaz. Ondotik, bigarren mahai-inguru bat ere izanen da, Kultugintza sozializatzeko plazak: aretoak, kaleak, internet goiburupean. Faktoria kultur plazako Gartzen Garaio, Lekuona Kultur Fabrikako Iker Tolosa eta LABAko Iñaki Sagardoi eta Amets Aranguren. Bazkariarekin bukatuko da jardunaldia.
Izen-ematea
Lesakako saiorako izena emateko Udako Euskal Unibertsitateko webgunean sartu behar da (www.ueu.eus). Matrikularen prezioa 10 eurokoa da eta azaroaren 11 da azken eguna. Larunbatean Harriondoan ere egin daiteke. Gehienez ere hogei lagunentzako lekua izanen da.
Jardunaldiotatik Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-talde bat osatu nahi dute, zeinak euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu genezakeen aztertu eta proposatuko duen.