GOTZON BARANDIARAN

«Euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatua gaur egun»

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 31a, 10:00

Gotzon Barandiaran idazlea, agerraldi batean.

Gotzon BARANDIARAN ARTEAGA, idazlea.

Euskal kulturgintzaren transmisioan etena izan da. Hori izan zen 2019an Azpeitian egindako Sormenean Hezi, Kulturan Bizi jardunaldien abiapuntua. Aurten segida izaten ari dira.

2019ko urrian ehun lagun baino gehiago bildu ziren Azpeitian Sormenean Hezi, Kulturan bizi I. Jardunaldian. Jardunaldiok antolatzeko abiapuntua argia zen, antolatze lanetan ibili zen Gotzon Barandiaran idazleak (Larrabetzu, 1974) aipatu digunez: «euskal kulturgintzaren transmisioan etena» izan da. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan eta familia edo etxe giroan.

Azpeitiko jardunaldiak hezkuntza arautuan euskal kulturgintzaren transmisioaren egoeraren erradiografia egin eta Euskal Herri osoan elkarrekin aritzeko prest leudekeen eragileak identifikatzeko antolatu zituzten. Jardunaldi haietatik sortu zen gaur egun lanean ari den Euskal Herri osorako ikuspegia duen lan-taldea. Abiapuntu eta helburu berberekin antolatu dituzte 2021eko urrirako eta azarorako bigarren jardunaldiak. Senpereko Larraldean egin dute lehen saioa urriaren 23an, Ondotik etorriko dira Laudion (Araba) azaroaren 6an, Lesakan azaroaren 13an eta Azpeitin (Gipuzkoa) azaroaren 20an eginen dituzten lan-saioak.

2019an Azpeitian egin zenuten lehen jardunaldi hartako abiapuntua kezkagarria zen: euskal kulturgintzaren transmisioan etena izan da… Bi urtean egoera zerbait aldatu da?

2019ko urriaren 19an ehun lagunetik gora bildu ginen Azpeitian ‘Sormenean Hezi, Kulturan bizi’ jardunaldian. Jardunaldiok antolatzeko abiapuntua argia zen: euskal kulturgintzaren transmisioan (ezagutzan eta praktikan) etena izan da. Ondorioz euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza-arautuan, ez hezkuntza ez-arautuan ez familia edo etxe giroan. 2019tik gaur artekoaren ia guztia pandemiapean bizi izan dugu eta pandemiak eragin zuzena izan du euskarazko kulturgintzaren transmisioan. Hezkuntza-arautuari dagokionez, iazko martxotik irailera milaka ikaslek euskararekin zuten harreman apurra galdu zuten, eskolaz kanpo kultur heziketa ia oro debekatu zituzten, kultur plazak itxita egon dira luzaroegi, kultur emanaldi andana bertan behera gelditu dira, sortzaile mordoak sekulako jipoia hartu du, etxeko-familiako kultur ohituretan batez ere erdarazko edukiak dira gehien kontsumitzen direnak, zer esanik ez iturri ia bakartzat telefono mugikorra duten belaunaldiek.

«Gure ikuspegia nazionala da, euskararen herriarena»

  

Hezkuntza arautuaren erradiografia egin zenuten orduan… Zer ageri da erradiografia horretan? Zertan eragin daiteke?

Aurrez aipatu bezala, erradiografia horretan argi ageri da euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez dagoela bermatuta hezkuntza arautuan. Ahulgune asko identifikatu genituen orduan, batzuk zerrendatzearren: Euskara eta Literatura moduko ikasgaietan soilik jorratzen da berariaz kultura (salbu eta Batxilergoko espezialitateetan), euskara ikasteko eta irakasteko tresna gisa sustatzen da euskal kultura eta honek, emaitza kaskarrak eman ditu, ez da euskal kulturaren curriculuma zehaztu, garatu eta gauzatu, euskal kultura irakasteko material didaktiko eta baliabide adosturik ez dago, unibertsitateak ez ditu irakaskuntzako profesionalak euskal kulturan trebatzen, hezkuntzako kultur eragileen arteko sare sendorik ez dago, ez herrialdeka, ez herrialdeen artean ere. Ahulgune horiek indartzeko ekosistema gisa lan egitea da gure proposamena, alegia, euskarazko kulturgintzaren transmisio integrala izan dadin, kulturgintzan hezitzaile garen guztiok elkarrekin lan egitea (hezkuntza arautua, ez-arautua, etxea-familia).

«Hezkuntza arautuari dagokionez, iazko martxotik irailera milaka ikaslek euskararekiko zuten harreman apurra galdu zuten»

Horretarako lantalde bat ere osatu zenuten, Euskal Herri osorako ikuspegia duena… Zertan aritu da lantalde hori? Euskal Herriko eremu-eskualdeen arabera egoera zerbait aldatzen da edo berdintsu dago?

Lantalde hori Euskal Herri osoko herritar guztiak aintzat hartuta ari da lanean, galdera zehatz bati erantzun nahian: zer jakin behar du euskal herritar batek derrigorrezko hezkuntza prozesua amaitutakoan euskarazko kulturgintzari buruz? Egoera arras ezberdina da gure zazpi lurraldeetan, horregatik adostu nahi dugu bakarra guztiontzat.

Orain bigarren jardunaldiak antolatu dituzue… Azpeitian bukatuko dira aurten ere, baina bertze herrialde batzuetara (Lapurdi, Nafarroa, Araba…) ere hedatu dituzue… Zergatik? Zein helburu dituzue bigarren jardunaldi hauetan?

Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu nahi badugu Euskal Herri osoa hartu behar dugu aintzat. Gure ikuspegia nazionala da, euskararen herriarena. Bigarren jardunaldiotan hezkuntza ez-arautuan edo nahi baduzu, eskolatik kanpo, euskarazko kulturgintza nola bizi dugun ezagutu eta aztertu nahi dugu eta helburu nagusia Euskal Herri osorako ikuspegia duen lantalde bat osatzea da. Latalde horrek euskal kulturgintzaren transmisioa (ezagutza eta praktika) eskolaz kanpo nola bermatu genezakeen aztertu eta proposatzea izango du xede.

Hainbat testigantza bilduko dituzue, Senperen adibidez, ikus- entzunezkoak, literatura, bertso-udalekuak, EuskArabentura, pantailak euskaraz, gazteak eta kulturgintzaren transmisioa…

Jardunaldiok lau egunez, lau lekuetan eginen ditugu.  Hezkuntza araututik kanpo euskal kulturgintzaren transmisioaren (ezagutza eta praktika) egungo egoera esperientzia praktikoekin ezagutu nahi dugu. Egunerokoan gorpuzten diren esperientzia praktiko horien lagungarri, marko teoriko bat proposatu nahi dugu, zeina honako galdera hauek hausnartuta osatu asmo dugun:

  1. Nola euskaltzaletzen gara?
  2. Nola kulturzaletzen gara?
  3. Nola sozializatzen gara euskarazko kultur sormenaren inguruan? Zein espazio ditugu euskarazko kultur sormenaren inguruan elkartzeko?
  4. Zer egin genezake elkarrekin euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun Euska Herri osoko eragileok?

Kultur adierazpide guztietako esperientziak hartuko ditugu, ahalik eta argazkirik integralena, osoena, biltzeko asmoz. Hori da helburua.

«Adierazpide guztietako esperientziak hartuko ditugu»

Lesakako azaroaren 13kojardunaldiari dagokionez, zein ariko dira solasean?

Esango nuke Lesakako lehenengo bi hitzartzeek estuki eragin diezaiketela hainbat belaunalditako lesakarrei, antzerkiaz eta dantzaz arituko baitira Artedramako Mikel Unamun eta Dantzan.euseko Oier Araolaza. Ondotik, lehenengo mahai-inguruan Xan Berterrechek eta Kimetz Aranak gazteak eta euskarazko kulturgintza hartuko dute mintzagai. Xanek Baigura aldeko esperientzien berri emango digu, Kimetzek meatzaldean dagoen Trapagarangoa. Ingurune soziolinguistiko arras ezberdinetako bizipenen berri partekatuko dute gurekin. Azkenik, Harriondoa kulturgunearen kudeatzaile, dinamizatzaile eta erabiltzaileentzat baliagarria datekeen mahai-ingurua izanen dugu. Bertan hizlari Laudioko Ekintzen Faktoriako kide bat, Errenteriako Lekuna Fabrikakoa eta Iruñeko LABAko bi ariko dira kulturgintzarako plazek jendartearen sozializazioan duten eraginaz eta garrantziaz. Lau eguneko jardunaldiotako esperientziak guztiak dira baliagarriak, nork bere herriko egunerokora moldatzen asmatuz gero. Esango nuke Lesakan adituko ditugun guztiak zinez baliagarri suertatuko zaizkiela lesakarrei. Baina ez soilik lesakarrei. Euskararen eta bere kulturaren biziberritzean interesa duen euskal herritar ororentzat izango dira argigarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun