Bortzirietan eginen den Muga film laburra ekoizteko laguntza eskatu du Gastibeltzak

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 26a, 19:00

Bortziritarren parte-hartzea izanen du filmak, aktore eta figurante lanetan eta baita filmaketan laguntzaile gisa

Senpereko Gastibeltza ekoiztetxeak Muga film laburra grabatuko du azaroan Beran eta Lesakan. Eñaut Castagnet zuzendari bidartarrak idatzi eta zuzenduko du filma, 'Geuretik sortuak' programaren barne sortutako proiektua. Hau da filmaren sinopsia:

«Fikziozko herri ttipi bat, hamarkada honetan. Kamaru Afrikako etorkinak ihes egiten du esklabo gisa lanean aritzera behartu duen lantegitik, eta zauriturik heltzen da Joxeanen baserrira. Baserritarrak gaztea laguntzen du, lantegiko nagusiarekin duen liskar zaharra larriagotzen den bitartean. Joxeanek ez duenez amore emateko ohiturarik, gauzak bere manerara egitea erabakitzen du».

Filmaren ekoizpena profesionalen eta herritarren arteko elkarlanean oinarrituko da. Hainbat elkartetako 15 beratar eta lesakarren parte hartzea estimatu du ekoiztetxeak filmatzerakoan, gisa guztietako logistika eta teknika lanak segurtatuz. Horrez gain, 20 biztanle inguru arituko dira aktore eta figurante lanetan. Filmaketa egunetan herriko saltzaileendako lana ekarriko dela adierazi dute, eta filma nazioartean zabaltzean «Bortziriak zabalpena izanen duela» gehitu dute.

Eskualdeko enpresek filmari ekonomikoki laguntzeko aukera izanen dute, eta trukean enpresaren logoa filmaren kredituetan agertuko da. Hiru laguntza mota daude; 200 eurokoa (logoa neurri ttikian), 400 eurokoa (logoa neurri ertainean) eta 600 eurotik goitikoa (logoa neurri handian). Laguntza «ezinbestekoa» dela adierazi dute eta «proiektu honetan konprometitzea biziki eskertuko» luketela. Filma burutzean, Bortzirietan eta Euskal Herriko bertze hainbat herritan aurkeztuko dute, baita nazioartean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun